Adimen artifizialaren bidez testuak ahots bihurtzeko eta entzuteko sistema sortu dute. Elhuyarren webgunean eskuragarri dago tresna.
Elhuyarrek aurrerapausoa eman du adimen artifizialen eta sare neuronaletan oinarritutako ahots automatikoen alorrean. Dokumentuak eta testuak automatikoki ahots bihurtu eta entzuteko tresna aurkeztu du, sei hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz. Aukerak webgunean jarri dituzte erabilgarri.
“Egiazkoak diruditen” Text-To-Speech (TTS) ahotsak Orai adimen artifizialeko zentroan sortu dituzte, aurrez grabatutako ahotsetatik abiatuta. TTS berrian ahots horien bidez testuak entzuten dira. Ahots pertsonalizatuak sortzeko aukera dagoela aipatu du Elhuyarrek.
Elhuyarrek tresna berriaren erabilera “erraza” dela adierazi du: webgunean sartu; ondoren TTSa probatu botoia sakatzean agertzen den kutxan idatzi testua edo dokumentua bertara igo; eta hizkuntza eta ahotsa aukeratu. Hau egin ondoren, erabiltzaileak testua entzuteko aukera izango du. Gainera, “edozein aplikazioetan txertatzeko prest” dagoela adierazi dute, adibidez beste webgune batean jartzeko.