argia.eus
INPRIMATU
Elgoibarko jaietan eraso matxista pairatu duela salatu du emakume batek
  • Elgoibarko jaietako azken gauean eman da eraso matxista, eta herriko Narrutsik talde feministak elkarretaratzea deitu du gertakaria gaitsezteko.

ARGIA @argia 2018ko abuztuaren 30
Narrutsik talde feminista

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, erasoa ostegun goizaldeko 04:00ak aldera eman da Maala plazan kokatutako txosnagunetik gertu. Ertzaintzak adierazitakoaren arabera, eraso egin dion 21 urteko gizonezkoa bere bikotekide ohia dela jakinarazi du erasoa jasan duen emakumeak. Eraso berbal eta fisikoak egin dizkio gizonak.

Erasoa salatzeko, Narrutsik talde feministak ostegun arratsaldean elkarretaratzea deitu du, 19:00etan Kalegoen plazan. Udalak deialdiarekin bat egin du. Feministek “babes osoa” eskaini diote erasoa jasan duen emakumeari, eta Udala eskura dituen baliabideak emateko prest agertu da.