argia.eus
INPRIMATU
Hilberria
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea
  • Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro historialari eta irakaslea.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko apirilaren 14a
Elena Barrena, historialarien maistra, lan aitzindari eta isila egin zuen urte luzetan. Wikipedia / Eta Kitto!

Elena Barrena Osoro (Eibar, 1953 – Donostia, 2025) irakasle eta historialaria igande honetan hil da. Itzal handia utzi duen emakumea, Gipuzkoan gaur egungo historialari askoren erreferentzia izan da urte luzez, Deustuko Unibertsitatean ez ezik, beste hainbat erakundetan egindako lanagatik.

Barrenak 1988an idatzi zuen bere doktore tesia –hurrengo urtean La formación histoorica de Guipuzcoa izenarekin argitara emana– eta iraultza txiki bat ekarri zuen Gipuzkoako historiografiara. Izan ere, Iputza edo Ipuscua hitzaren esanahia eta lurralde horren Erdi Aroko bilakaera historikoa ulertzeko ezinbesteko ikerlana egin zuen, aitzindaria zentzu askotan. Hain justu, Gipuzkoari erreferentzia egiten zaion 1025eko dokumentuaren  milurtekoa gogoratzen ari dira aurten, eta ikerlan hura gabe ezinezko litzateke halakorik.

Barrenak zalantzan jarri zuen historiaren betikotasuna, eta erakutsi zuen lurraldeen eraketa prozesu baten emaitza aldakorra dela

Barrenak zalantzan jarri zuen historiaren betikotasuna, eta erakutsi zuen lurraldeen eraketa prozesu baten emaitza aldakorra dela, zeinean komunitateek, harreman sozialek eta botere-egiturek parte hartzen duten, beti ere ingurunea kontutan edukita. Baina, gainera, horretarako metodologia berritzailea erabili zuen, beste diziplinetako tresnak eta teknikak historiaren arlora ekarrita

Urte askoan irakasle lanean gogotsu ibilia, Deustuko Unibertsitatean hainbat ardura ere izan zituen eta, besteak beste, Humanitateen Fakultateko dekanoa izan zen. Emakumeek unibertsitatean oraindik halako kargu gutxi zituzten garaiak ziren, eta berak esana da horrek eragina izan zuela bere karreran, ez errekonozimendu faltagatik soilik, baita langile bezala zituzten eskubide gabeziengatik ere.

Dustuko unibertsitatean hainbat kargu izan zituen Barrenak. Ereiten ataria

Unibertsitateko eremu zehatzetik harago, Gipuzkoako historiari buruzko hainbat ikerketa eta proiektutan ere murgildu zen Barrena. Esaterako Hemen: Kutxa-Gipuzkoa, 1879-1995 lan mardulean parte hartu zuen, baita Gipuzkoako komunikabideei buruz Aldundiak kaleratutako bilduma ezagunean ere, Jose Antonio Marinekin arabera.

“Historia ez da kobazulo mugiezin bat”

Ereiten atariaren blogean, bere ikasle eta lankide izandako hainbat historialariren eta lagunen artikuluak argitaratu zituzten iaz, Barrenaren lana eta ibilbidea aitortzeko: “Irakasle izan dugu bera. Izan ere, unibertsitateko giro gris eta apal hartan, bost urte luzez, irakaskuntzan aritzen zirenen artean oso gutxi arduratu ziren irakasteaz. Maisuki irakatsi zigun hark, ordea. Hezkuntza arloan ez ezik, baita alor profesionalean eta maila pertsonalean ere”, idatzi zuen David Zapirainek. Artikulu horiek guztiak Gipuzkoa, mila urteko historia. Elena Barrena Osorori gorazarre liburuan jaso berri ditu Farmazia Beltza argitaletxeak.

Atari berean Sustrai Colinak Barrenarekin egindako elkarrizketa dago irakurgai. “Uste dut nahiko berandu deskubritu genuela historia ez dagoela hor, kobazulo mugiezin bat balitz bezala. Historia gaur egiten dugu, guk geuk sortzen dugu, gure oroimena da datu irmoekin lagunduta”, zioen historialariak.