Eleka herri ekimenaren aurkezpena egin dute apirilaren 20an Portugaleten. Elkarte honek ezker abertzalean kokatzen du bere burua, eta Euskal Herriko kultura komunista berpizteko asmoa du.
“Kontzientzia kritikoa, militantzia politikoa eta langileriaren antolatzeko eta erantzuteko gaitasuna suspertzea du helburu”, ekimenaren manifestuan adierazi dutenez. Prestakuntza ideologikoa lehentasun gisa du Elekak, eta horretarako jardunaldiak, hitzaldiak, mintegiak, hausnarketa taldeak eta herri eskolak antolatuko ditu. Lehenbiziko jardunaldiak Donostian eta Bilbon izango dira, maiatzaren 2tik 4ra.
Euskal Herriaren independentziaren eta sozialismoaren alde egiten duen ekimen horrek, tradizio politiko hori osatu duten aurrekariak goraipatu nahi izan ditu. Jesus Larrañaga, Txabi Etxebarrieta edota Jose Miguel Beñaran Argala aipatu dituzte besteak beste. “Sasian askatasunaren alde jardun duten guztiak” goraipatu dituzte manifestuan.
Komunismo berritu bat jorratu nahi dute, eta horretarako ideologia horren “aurreiritzi gris eta zaharrak desegin eta bide berriak egiteko” deia luzatzen dute. Manifestuan komunismoaren beharra eta independentziarena uztartu egiten dituzte, “independentziak soilik eman ahalko baitu diruzalekeria kapitalistatik urrunduko den eta gure ametsetarako irekia izango den etorkizuna eraikitzeko ahalmena”.
Ekimenaren aurkezpenean ezker abertzaleko hainbat kide joan ziren gonbidatu gisa: Sortuko Iker Casanova, LABeko Jagoba Zulueta edota Askapenako Walter Wendelin, beste zenbaiten artean.