argia.eus
INPRIMATU
Elebeltz Topaguneko kide bat identifikatu eta hainbat kide galdekatu dituzte Lasarteko udaltzainek
  • Lasarteko udaltzainak igande goizean bertaratu ziren Elebeltz gaztetxera, hainbat kide bertan zirela. Hala, pertsona bat identifikatzeaz gain, gaztetxeko hainbat kideri galderak egin zizkieten. Bestalde, guneari argazkiak atera zizkioten poliziek.

Gedar @GedarLangileKZ 2019ko irailaren 18a
Argazkia: @elebeltz.

Iragan larunbatean ospatu zuten Lasarte-Oria Festibala, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) gaztetxean; hau da, Elebeltz Eztabaida eta Sorkuntza Askerako Topagunean. Igande goizean, Elebeltzeko lau kide gunea garbitzen ari zirela, Lasarteko udaltzainak bertaratu eta sartu ziren. Hasiera batean, nortasun agiria eskatu zieten barruan zeuden lau pertsonei. Hala, pertsona bat identifikatu zuten, eta argazkia atera zioten nortasun agiriari.

Elebeltzeko kideek GEDAR LANGILE KAZETAri jakinarazi diotenez, ostean, guneari ere argazkiak atera zizkioten poliziek. Horretaz gain, bertan zeuden lau kideei hainbat galdera egin zizkieten; Elebeltzeko elektrizitate hornikuntzari edota instalazioei buruz, besteak beste. Kanpora irten ziren gero, eta azkenean, alde egin zuten.

Ordu batzuk lehenago ere gaztetxe inguruan izan ziren udaltzainak; hain zuzen, goizaldeko 03:00ak aldera. Autoan bertaratu ziren, baina ez ziren gunera sartu. Atetik begiratu ondoren, joan egin ziren.

Elebeltz, zazpigarren urteurrenaren atarian

2012. urtean birjabetu zuten gaur egun Elebeltz modura ezaguna den eraikina. Duela bi urte inguru, Lasarteko Udalak gaztetxekoei jakinarazi zien desalojo arriskuan zegoela birjabetutako espazioa. Elebeltzeko hainbat kidek azaldu dutenez, "herri plataforma baten bidez lortu zen hori geldiaraztea". Dena den, ordutik hona, "udaltzainen presentzia handia" edota "enpresa eraikitzaile bateko kideen presentzia zein iradokizunak" -udaletxeak eremua enpresa eraikitzaile bati saldu ziolakoan daude gaztetxeko kideak- salatu dituzte inguruko bizilagunek zein Elebeltzekoek.