Eleak-Librek Usurbileko ekintzaren zilegitasuna aldarrikatu eta zigorrik ezarri ez dezaten eskatu du

  • Eleak-Libre mugimenduak prentsaurreko jendetsua egin du igande arratsaldean Usurbileko gertakariak azaldu, ekintzaileari elkartasuna adierazi eta halako ekintzen zilegitasuna aldarrikatzeko.


2017ko maiatzaren 15an - 11:23
Eleak-Librek Donostian egindako prentsaurrekoa.

Ehundik gora pertsona bildu dira Donostiako Bulebarrean Usurbileko gertakarien harira prentsaurrekoa emateko.

Azaldu dute ekintzaileen asmoa zela “Mozal Legeari EZ!” mezua idazteko salaketa ekintza egitea. Horretarako, trenak Usurbileko geltokian egin ohi duen geldialdia aprobetxatu nahi zuten, eta pintaketa amaitu arte trena joan ez zedin horietako bat trenaren aurrean jarri zen. Trenak, ordea, aurrera egin zuen, eta ekintzailea harrapatu zuen.

Ekintzailea eta bere sendiari elkartasuna adierazi diote, eta Mozal Legearen kontrako ekintzaren zilegitasuna aldarrikatu dute. Azpimarratu dute gutxienez 11.000 aldiz aplikatu dutela Mozal Legea Hego Euskal Herrian azken 20 hilabeteetan, nahiz eta bi parlamentu autonomikoak legearen aplikazioaren kontra azaldu diren.

Usurbileko ekintza zilegi delakoan, bi eskaerarekin amaitu dute prentsaurrekoa. Lehena, ez diezaietela ez ekintzaileari, ez ekintzan zeuden gainontzekoei inongo zigorrik ezarri. Eta bigarrena, dei egin diete Euskal Herriko langile guztiei ekintza sozial baten aurrean ekintzaren aldeko jarrera eduki dezaten, edo gutxienez ez dezatela oztopatu.

Hona prentsaurrekoaren bideoa:

Hona irakurritako oharrak:

EKINTZAILE SOZIALAREN ESKUHARTZEA

1.- Atzo Usurbilgo tren geltokian Mozal Legea salatzeko prestatu genuen ekintza zuzena burutzen ari ginela, trenak Martin harrapatu eta larriki zauritu zuen: femurra eta pelbisa hautsiak; orno bat pitzatua; bi saihets-hezurrek birika kaltetua, buruko buru-hezurra pitzatua... Ekintza sozialaren eremuan kokatutako istripua izan da, beraz, zenbait hedabidek estali duten arren.

2.- Gure asmoa, Donostiatik Bilbora joaten den trena, Mozal Legearen aurkako mural ibiltaria bihurtzea zen, “Mozal Legeari EZ” mezua bide guztian, geltoki guztietan eta bidaiari guztien aurrean aldarrikatzeko.

3.- Honakoa da gertatutako:

Pentsatu bezala, Donostiatik zetorren trena normaltasun osoz azaldu zen Usurbilgo geltokian eta baita bertan gelditu ere, bidaiariak uzteko eta jasotzeko. Geldiune hori aprobetxatu nahi izan genuen trena mural bihurtzeko pintaketa azkarra egiteko. Bi minutuz luzatuko zen, lan horretan genbiltzan bitartean eta Martin trenaren aurrean jarri zen, trenaren pintaketa amaitu aurretik trena martxan jar ez zedin. Baina bat-batean, oraindik trena margotzen ari ginela, trena martxan jarri zen  eta aurrean zegoen Martin andenaren eta trenaren arteko zuloan korapilatua harrapatu zuen eta arrastaka eraman zuen andena bukatu arte, larriki zaurituz. Hori da gertatu zena.

4.- Atzokoa, herri honek behin eta berriz arbuiatu duen Mozal Legearen aurkako salaketa ekintza  izan zen, salaketa sozial guztiak bezala, erabat zilegi dena, eta nola ez, beharrezkoa, Mozal Legeak indargabetu gabe jarraitzen baitu .

5.- Atzoko ekintza zuzenean parte hartu genuenok Martini eta bere familiari gure elkartasuna eta animorik beroena bidali nahi diegu, argi eta garbi esanez, guk ere egingo genukeela.

Milesker.

 

ELEAK-LIBREren HIZARTZEA

Hau da Eleak-Libre Dinamikatik atzoko gertakarien inguruan adierazi nahi duguna.

1.- Lehenik eta behin gure elkartasunik handiena Martin ekintzaile sozialarekin eta bere sendiarekin, eperik motzenean berriz kalean ikusteko gogoz gaude guztiok. Bere beharra dugu.

2.- Atzo gertatutakoa, Hego Euskal Herrian azken bi urteetan, gure eskubide zibil eta politikoak 11.000 aldiz bortxatu dituen Mozal Legearen aurkako ekintza izan zen. Izan ere, Hego Euskal Herriko instituzio nagusiek, besteak beste, bi parlamentu autonomikoek, behin eta berriz adierazi dute Mozal Legearen aurkakoak direla eta baita honen aplikazio baztertu behar dela ere. Hala ere, azken 20 hilabeteotan 11.000 euskal herritar baino gehiago izan dira zigortuak.

Gure interbentzioa bi dei eginez amaitu nahi dugu:

a) Dei egiten diogu Jaurlaritzako Barne Sailari ez diezaiela inolako zigorrik edota isunik ezarri ez Martini, ezta atzoko Usurbilgo ekintza zuzenean parte hartu edo identifika ditzaketen ekintzaile sozialei ere. Euskal Herriko gehiengoak arbuiatzen duen Mozal Legearen aurkako mezua zabaltzea legitimoa ez ezik, beharrezkoa ere badelako. Horretaz gain, mezu hori zabaltzea erabaki zutenak babestea ere, guztion ardura izango da.

b) Eta bestetik, dei egiten diegu Euskal Herriko langileei, nonahi lan egiten duelarik ere, bai fabriketan, bai poligonoetan, bai garraioetan, bai hezkuntza ala unibertsitatean edota enpresen bulegoetan, ekintzaile sozialen ekintzen aurrean jarrera proaktiboa izan dezaten, salaketa soziala oztopatu beharrean, bertan parte har dezaten edo garatzen utzi dezaten behintzat, eskubide zibil eta politikoak guztionak direlako, baita beraienak ere.

Eskubide zibil eta politikoaren eremuan, elkartasunetik konpromisora pasatzeko garaia da.

Mila esker


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mozal legearen mehatxua
Artxibatu egin dute Ahotsa.info-ko kazetari bat gezurrekin salatu zuen udaltzainaren aurkako kereila

2021eko protesta batean Poliziaren jarduna grabatu eta zabaltzeagatik, Mozal Legea urratu izana leporatu zion udaltzainak kazetariari. Salaketan hainbat gezur esan zituen agenteak, grabatutako bideoan egiazta daitekeenez. Agiriak faltsutzeagatik kazetariak kereila jarri zuen... [+]


2023-03-15 | Axier Lopez
Espainiako Gobernuak ez du hitza bete: Mozal Legeak indarrean jarraituko du

2015ean PPk gehiengo absolutuz ezarri zuen Mozal Legea. Oinarrizko zenbait eskubide urratzen dituen arau sorta horrek kontrakotasun handia bildu zuen Espainiako Estatuko mugimendu sozial eta alderdi politikoen artean, baita nazioartean ere. Lege hori "ezbairik gabe derogatu... [+]


Otsaileko lehen osoko bilkuran onartu nahi dute Espainiako Kongresuan 'Mozal Lege' berria

Dagoeneko erreformaren %96 adostuta dute Espainiako Kongresuan erreforma lantzen ari diren alderdiek, eta datorren astean akordio batera iritsiko dira, El Plural.com-en irakurri dugunez.


Laudioko Gaztetxearen aldeko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Laudion, Bilbon eta Gasteizen

Laudioko Gaztetxearen kaleratzearen ondorio ekonomikoei aurre egiteko elkartasun jaialdiak antolatu dituzte Orbeko Etxean, Zazpi Katu Gaztetxean eta Gasteizko Gaztetxean. Ertzaintzak 'mozal legea' ezarri zien sei gazteri ekainaren 13ko protesten harira, 4.000 euroko... [+]


2022-12-16 | Iñaki Agirre
“Ez dugu ekimen erreformistarik nahi, Mozal Legearen indargabetzea eskatzen dugu”

Hogei eragile sozialek baina gehiagok eginiko deialdiak dozenaka pertsona bildu ditu ostegun ilunabarrean Donostian adierazpen askatasuna aldarrikatu eta Mozal Legearen indargabetzea eskatzeko. Lege horren bitartez, Hego Euskal Herrian 2020tik hona 30.000 zigor baina gehiago... [+]


Eguneraketa berriak daude