Eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendu berria aurkeztu zen atzo, Eleak. Normalizazio politiko eta demokratikoa helburu duen mugimendua da Eleak Bilgune Feministako Izaskun Guarrotxenak eta Josean Agirre preso ohiak azaldu zutenez. Lanerako eremuak berriz, kalea eta herritarren kontzientziak izango dira eta izenak dioen bezala elea edo hitza izango da tresna nagusia.
Izan ere, hilabeteetako eztabaiden ondoren sortutako mugimendua dela adierazi zuten bi bozeramaileek, beti ere ahalik eta atxikimendu handiena biltzeko asmoz eta mugimendu berriaren filosofia eta lan estiloa definitzeko asmoz. "Lan zabala, integratzailea, baketsua eta pertsona guztien eskubideen defentsa erdigune duen lana" egingo dutela adierazi zuten.
Normalizazio politiko eta demokratikoa da helburua, baina euren lehen lana "prozesu demokratikoa deuseztea helburu duen saiakera oro geratzea" izango dela esan zuten. Bide horretan lehen zitak Auzitegi Nazionalean hurrengo asteetan hasiko diren epaiketak izango dira: 'Bateragune auzia'ri dagokiona eta Oarsoaldeko gazte independentisten aurkakoa. Eraso judizialek, pertsona hauen kontrakoak ez eta Euskal Herria dutela helburu esan ostean, hurrengo egunetarako mobilizazioz betetako agenda aurkeztu zuten.
Ekainaren 27an Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan manifestazioak egingo dira "Euskal Herria libre eta legala. Eskubide guztiak guztientzat" lemapean. Hilabren 28tik uztailaren 2ra bitartean berriz, Donostiako Zuloaga plazan 'Aske Gunea' jarriko dute, Euskal Herriko pertsona guztien eskubide zibilen aldeko bateragunea. Bertan, eguerdiro eta iluntzero kontzentrazioak egiteaz gain, egun guztian zehar ekimen ezberdinez osatutako egitaraua izango da bertara gerturatzen diren guztientzat.