argia.eus
INPRIMATU
Dermatosi nodular kutsakorra
Laborariek bide mozketei eutsiko dietela adierazi du ELB-k, prefetarekin egin bileraren ondotik
  • ELB eta Confédération Paysanne sindikatuetako ordezkariak Jean-Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefetarekin bildu dira astelehen arratsaldean, Pauen, behiengan eragina duen dermatosi nodularra (DNK) eritasunaren gaineko kudeatze sanitarioaz mintzatzeko. "Egoerak berean jarraitzen duela-eta", sindikatuek A64 autobidea blokatzen jarraituko dute, ELBk adierazi duenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko abenduaren 16a
Dozenaka laborari elkartu dira asteburu osoan, Ahurtiko autopistan. Euskal Irratiak

Egunak daramatzate protestan nekazariek, Frantziako Gobernuak DNK eritasunaren aurka burutu asmo duen protokoloaren kontra, abeltzainak beharturik leudekeelako ustiategi bateko abelburu guztiak sakrifikatzera positibo bakarra azaleratzen bada. Estrategia "alternatiboa" planteatu dute laborariek, indarrean den politikak ofizioa "sutan eta odoletan" ezartzen duelako.

Hain justu, Frantziako Gobernua astelehenean hasi da eritasunaren aurkako txertoak jartzen, zainketa eremuan lehenik, eta urtarril hastapenean departamendu osoan, Euskal Irratietako kazetari Xarlot Etxeberrik jaso duenez. Astelehenean bertan bildu dira ELB eta Confédération Paysanne sindikatuetako ordezkariak prefetarekin. Erantzunik gabe atera dira, ordea; prefetak entzun dituela azaldu dute, baina erabakia Frantziako Nekazaritza Ministerioaren esku dagoela esan die hark. "Egoerak berean jarraitzen du", dio ELBk plazaratutako oharrak: "Mobilizazioei eutsiko diegu, presioa egiten jarraituko dugu".

Besteren artean, laborariek eskatzen dute positibo bat azaleratzen denean behi guztiak sakrifikatu behar ez izatea, osasun zerbitzuek erabiltzen dituzten metodo intrusiboak etetea, neurri polizial eta errepresiboak etetea, eta abeltzainei eta euren senideei laguntza ekonomiko eta psikologikoa ematea.

Errepide mozketak

Ostiralaz geroztik daude trafiko arazoak Okzitaniako Tolosa eta Baiona artean, eta Frantzia hego-mendebaldeko beste eremu batzuetan, Vinci autobide-konpainiak ohartarazi duenez, nekazarien protestak medio. Astearte goizean jakinarazi du arazoak daudela, adibidez, A64, A63, A9 eta A54 autobideetan, eta gaineratu du beste errepide batzuetan ere blokeoak gerta daitezkeela.