argia.eus
INPRIMATU
ELAk, LABek eta Kontseiluak 50 langiletik gorako enpresetan euskara-planak negoziatu nahi dituzte
  • Confebaski eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioari proposatzen diete 50 langiletik gorako enpresa guztietan euskara-planak negoziatuko direla jasotzen duen akordio interprofesionala hitzartzea.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 02a
GarbiƱe Aranburu (LAB), Paul Bilbao (Kontseilua) eta Mitxel Lakuntza (ELA) agerraldian. / Kontseilua

Lan-mundua euskalduntzeko urrats zehatzak egin behar direla adierazi dute ELAko Mitxel Lakuntza, LABeko Garbiñe Aranburu eta Kontseiluko Paul Bilbao idazkari nagusiek elkarrekin egindako agerraldian. «Euskararen normalizazioa garatzeko ezinbesteko esparrua da lan-munduarena», ziurtatu du Bilbaok. “Gure egunerokoaren zati handi bat lanean igarotzen dugu, eta, ondorioz, gure hizkuntza-praktikak eta eskubideak baldintzatzen dituen esparrua da, langile zein kontsumitzaile gisa”. Horregatik, Lakuntzaren hitzetan, “langileen eskubideen eta bermeen aldeko borrokan kokatzen da hizkuntza-eskubideena”.

Aranbururen esanetan lan mundua euskaldundu nahi bada neurri ausartagoak behar dira, “neurri eraginkorragoak eta betearazleagoak, euskararen normalizazioak norbanakoen boluntarismoa gainditu behar duelako”. Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari dei egin diete enpresei eskatutako neurri hori babestu dezaten, besteak beste, plan horiek aurrera ateratzeko inbertsio ekonomikoak bideratuz.

Enpresen gutxiengoak ditu euskara planak

EAEko ehun enpresetatik bakarrak du garatuta euskararen erabilera normalizatzeko prozesu eta egituraren bat. Beraz, EAEn 138.000 enpresa daude euskararen erabilera normalizatzeko inolako planik edo garapenik gabe. Hamarretik bederatzi. Nafarroan are gehiago dira. %0,7k bakarrik dute euskara garatzeko prozesu edo egituraren bat.

Tamainari begiratuz gero, neurri txikiko enpresak dira gehienak. EAEn 2.000 batek gainditzen dute 50 langileen langa. Aitzitik, langile gehien pilatzen dituzte: EAEko establezimenduetako langileriaren erdiak egiten du lan halako enpresaren baten. Antzeko proportzioetan dabiltza Nafarroan, kopuruz nabarmen gutxiago badira ere.

Horrek esan nahi du Hego Euskal Herriko enpresa jakin batzuek jarri beharko dituztela martxan euskara-planak, proposamena aintzat hartuz gero. Baina, gutxi izanagatik ere, irismen handia izango lukete: langileriaren erdiari eraginen lioketelako euskara-planek.

Datozen bi hamarkadetan erretiro asko etorriko direla ohartarazi dute eta orain arte bultzada baliatu ezean, “ezdeusean geratuko lirateke hezkuntzan belaunaldi hori euskalduntzeko egindako ahaleginak eta inbertsioak”.

COVID-19a eta gizarte erantzunkizuna

Pandemiak biluztu eta gordindu ditu lehendik zetozen gabeziak, oraingoan ere zaurgarrienak kolpatu dituelako gogorren, Bilbaok oroitarazi duenez. Hizkuntza-eskubideekin beste hainbeste gertatu da: “Berehalakotasunaren eta lehentasunaren izenean, euskal hiztunon hizkuntza-eskubideak urratu eta baztertu dituzte, kolpean”. Norabide hori aldatzea ezinbestekoa dela deritzote: “Baita euskarari dagokionean ere, bai behintzat gizarte berdinzaleago, kohesionatu eta demokratikoagoa lortu nahi badugu”.