ELA sindikatuak salaketa penala aurkeztu du Amurrioko Instrukzio Epaitegian Guardian Europako lehendakariordearen eta gai juridikoetako arduradunaren aurka, Autoglas-Glavista enpresan izandako gertakariengatik.
ELAk uste du Autoglas-Glavistaren salmenta operazio "orkestratuta" izan zela, eta "simulatuta", enpresa hondoratzeko. Hori dela eta, sindikatuaren aburuz, administrazio desleialeko delitu bat egon zen, baita kaudimengabezia zigorgarriko delitu bat ere. Berez, Fiskaltzak ere salatu zuen hori eta epaitegiak ikertzea erabaki du jadanik.
Edonola ere, langile erakundeak akusazio berria erantsi du: "Langileen oinarrizko eskubideen aurkako delitua".
Hain zuzen, ELAren iritziz, "Guardian taldeak itxurazko salerosketa bat martxan jarri zuen langileei kaleratze kolektibo batek ezartzen dizkien eskubideak alboratu eta kaleratze horien aurka aritzea ekiditeko".
Sindikatuak gogoratu du gertakariak Eusko Jaurlaritzaren babesa izan zuela, dirulaguntzak eman baitzizkion enpresa erosi zuen Parter Capitali.
Berez, Autoglas-Glavista 2024an itxi zuten eta 200 langile baino gehiago kalean geratu ziren horren ondorioz. ELAren helburua, hortaz, bada "etorkizunean berriz ere horrelako jarduerarik ez errepikatzea”.