ELA: UPNren basakeriak zuzentzea ez da nahikoa benetako aldaketari buruz hitz egiteko

  • Aldaketa neurtzerakoan lau ardatz aztertu beharra dago: demokratizazioa, arlo soziala, pribilegio eta klientelismoaren deuseztatzea, eta lan baldintzak. Demokratizazioan urratsak eman direla dio sindikatuak, baina beste arloetan gutxi.


2016ko abenduaren 19an - 13:26
Enpleguaren aldeko mobilizazioa Iruñean. (Arg.: Ekinklik)

Nola baloratzen duzue Nafarroako Gobernuak 16 hilabetetan zuen esparruan egin duen lana?

Batez ere demokratizazioan eman dira aurrepausoak: aniztasun politikoa, kulturala eta abar. Egia da, bai memoria historikoan eta biktima guztien onarpenean edo euskararen trataeran asko egiteke bada ere, erregimenaren sektarizazioarekin bukatzeko pausoak eman dira. Baina politika ezin da horretara mugatu. ELAk beste eragileekin batera aldaketa aipatzen dugunean aldaketa sozialaz ari gara, eta horretan daude gobernu honen gabezia nabarmenenak.

Lau indarren gobernu akordioa aurkeztu zenean aurreikusi genituen gobernu honen ekimen politikoaren auto-mugak. Fiskaltasunean ia ez da ezer egin, aldaketa anekdotikoak egin dira.

Oso kezkagarria da gobernua sostengatzen duten politikari batzuek zera esatea: “Hau da dagoena!”; edo, “hori nahi baduzue beste partida sozial batetik kendu beharko dugu”. Onartezina da ezkerreko ikuspuntutik logika hori erabiltzea.

Pribilegio eta klientelismoaren aurkako politiketan hartu dira erabaki batzuk baina ausardia falta nabarmentzen da beste hainbatetan. Opus Dei, UGT, CCOO eta CEN dira agian adibide argienak. Opusek oraindik dituen abantailak ez dira inondik ere onargarriak. Urteetan erregimenaren zutabeak izan diren UGT, CCOO eta CENi diru laguntza kopuru bat kendu bazaie ere, zeharka edo zuzenean, Foru Gobernuak 2017rako finantzazioarekin jarraituko du. Hau horrela den heinean ezin dugu esan sindikatu guztiek aukera berdinak ditugula.

Zuen esparruan nora heldu beharko litzateke gobernua gelditzen zaion legealdi denboran?

Fiskaltasunaren aldaketa ezinbestekoa da. 1.800 miloi euroko aldea dugu Europar Batasuneko batez besteko presio fiskalarekin. Har daitezke konpromezuak iruzur fiskalarekin, esaterako, lau urtean behin errenta enpresarialak eta profesionalak ikertuz, baliabide gehiago erabiliz inspekziorako...; eta berdin zergekin, adibidez enpresen gaineko zergarekin eta dituzten hobari eta ihes bideak mugatuta.

Horrela has gaitezke beste gauzez hitz egiten: zerbitzu publikoetan eman diren murrizketak iraultzeaz, eskubide sozialez; 0-3 urteko hezkuntzara pasatzeaz; osasungintzan itxaron zerrendekin bukatzeaz edo menpekotasun egoeran daudenei zaintza publikoa bermatzeaz.

Bestalde, langileon formakuntza dela eta, ez dago aitzakiarik publikoa den eredu batean ez aritzeko, ezta gobernuak zuzenean edo azpikontratatuta dauzkan milaka langileen lan baldintzak ez hobetzeko ere.

Jarriko diozue nota bat 0tik 10era?

 Bostera ez da iristen, beraz, aldaketa egiteke dago. UPNren basakeriak zuzentzea edo leuntzea ez da nahikoa benetako aldaketari buruz hitz egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sindikalgintza
Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


50.000 afiliatuko langa gainditu du LABek, mende erdia bete berri

Langileen aldarrikapenak eztabaida politikoaren erdigunera eraman, eta aldaketa soziopolitikoa lortzeko "eragile aktibo" izanen dela nabarmendu du LABek 50. urteurreneko ospakizunean.


Soldaten emendioa aldarrikatzeko greba eguna burutu dute Ipar Euskal Herriko sektore publikoan

500 lagun batu dira Baionan buruturiko manifestazioan. Sektore publikorako erreformarekin Frantziako Gobernuak sektore pribatuko logika funtzionarioen baitan txertatu nahia salatzeko mobilizazioa ere izan da.


EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Eguneraketa berriak daude