ZTE konpainia txinatar erraldoiaren parte izatera pasako diren Euskalteleko 133 langileen subkontratazioak, "lan eskubideen galera" ekarriko duela salatu du ELA sindikatuak.
Bi konpainiek sinatutako hitzarmenak 10 urteko iraupena du. Euskaltelek dituen 540 langileetatik 133 pasako dira ZTE enpresan, orain arteko lan-baldintza eta soldatari eutsiz, konpainiako ordezkariek azaldu dutenez.
ELAren hitzetan, "harrigarria da Euskaltel desegiteko prozesua iritzi publikoari albiste bikain gisa saldu nahi izatea. Zinismoa muturrera eramanda, analista ekonomiko batek idatzi du Euskaltelen erabakia erabiltzaileen onerako izango dela. Baina azken urteetan energia zein telekomunikazioen sektoreetan izan diren pribatizazio prozesuek erakutsi digute enpresen arteko lehia murriztu egin dela, eta zerbitzua garestitzeaz gainera, okerrera ere egin duela. Kontutan izan behar da pribatizatu zen Telefónica dela erabiltzaile-elkarteek gehien salatzen duten enpresetako bat".
Sindikatua kritiko agertu da Euskaltelek hartutako bidearekin: "Arlo publikoak sortu eta bultzatutako proiektu industrial hau, une ekonomiko ezin hobean zelarik (2009-2012 epealdian 230 milioi irabazi ditu), kapital espekulatiboaren esku utzi dute: Holandan egoitza duten bi inbertsio-funtsen esku, alegia".
Informazio gehiago:
Euskaltel eta ZTE enpresen arteko akordioaren gakoak (Eitb.com)