argia.eus
INPRIMATU
Abortatzea egotzita 30 urteko espetxe zigorra ezarri diote bortxaketa baten biktimari El Salvadorren
  • El Salvadorren lurrikara eragin du 19 urteko Evelyn Beatriz Hernandezen kasuak. Haurra galdu zuenean "hilketa larria" egotzi zioten. Gazteak jakinarazi du hainbat aldiz bortxatu eta haurdun utzi zutela. Hernandezen abokatuak defendatu du haurra hilda jaio zela. 30 urteko espetxe zigorra ezarri diote.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2017ko uztailaren 13a
El Salvadorko emakume bat abortoaren despenalizazioa eskatzeko manifestazio batean, San Salvadorren, 2017ko otsailean. (Argazkia: Marvin Recinos/AFP/Getty Images)

2016ko apirilean amak etxeko komunean konortea galduta aurkitu zuen, haurra izan berritan. Ospitalera eraman zuen eta hango medikuek salaketa jarri eta poliziari deitu zioten, abortatzea egotzita. Ospitaletik kartzelara eraman zuten eta han da ordutik. 2017ko uztailaren 5ean egindako epaiketan 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten.

"Frogarik gabe, soilik zantzuen arabera zigortu dute, eta horrek esan nahi du ez dela prozesu egokia aplikatu. Epaileak esan zuen familia giroko hilketa bat zela kasua", salatu dute ACDATEE kolektibo feministako kideek, El Paísek jaso duenez.

Ama kartzelara eta bortxatzailea libre

Evelyn Hernandezek salatu du hainbat aldiz bortxatu zutela, eta ez zuela salaketarik jarri, bere ama hilko zutela mehatxu egin ziotelako.

Hernandezen kasua abortoengatik 30 urteko espetxe zigorra betetzen ari diren El Salvadorko beste 17 emakumeren kasuei batu zaie. Emakume hauen askatasuna eskatuz aborto eskubidea aldarrikatzen duen Las17 mugimenduak protesta ugari egin ditu azken kasu hau salatzeko.

Azpiko bideo honetan ikus daiteke gazte honen kasua salatzeko egindako protesta feminista bat.

El Salvador: haurra galtzeagatik emakumeak espetxeratzen dituzten lekua erreportajean jaso du The Guardian egunkariak herrialde horretan emakumeek pairatzen duten zapalkuntza. Hainbat emakumeren testigantzak jasotzeaz gain, azaldu dute 40 urte arteko zigorrak jaso ditzaketela abortoa praktikatzen dutenek.

Horrek ez du saihesten ordea leku ezkutuetan abortoak egitea. Amnesty Internationalen arabera, 20.000 aborto gauzatu ziren herrialdean 2005 eta 2008 urteen artean, nahiz eta GKEek dioten zifra hori baxua dela. Ehunka emakume hiltzen dira urtero abortatzerakoan gertatutako konplikazioengatik, eta harrapatzen dituztenak espetxeratu egiten dituzte.

Legearen zama eta osasun arriskuak bereziki komunitate txiroek pairatzen dituztela salatzen dute eragile feministek.

Abortoa krimena den herrialde batean haurdun geratzearen arriskuak. (Argazkia: Nadia Shira Cohen)