argia.eus
INPRIMATU
‘El Correo’-k Errenteriako komunitateen elkarbizitzari eraso egin diola salatu dute
  • El Correoren igandeko azalaren inguruan hitz egin dute Julen Mendoza Errenteriako alkateak eta Ahmed Anari komunitate musulmaneko ordezkariak Info7 irratian. Azken urteetan herrian emandako urratsak nabarmendu dituzte.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 04a
El Correoren igandeko azala.

Julen Mendozak komunitate islamikoa kriminalizatzeko saiakeratzat hartu du: “Kezka handiz hartu nuen azaleko informazioa, eta harridura handiz; El Correo Bizkaiko egunkaria izanik, zergatik jarri dute fokua Gipuzkoako herri batean? Bizkaiko hiri batzuetan ere badituzte horrelako esperientziak”.

Mendozak onartu du pertsona asko etorri direla auzora, baina martxan jarri dituzten ekimenei esker, azken bi asteetan asko hobetu da komunitateen arteko elkarbizitza. Beraz, “zein da informazio hori orain ateratzearen arrazoia? Orain arte egin den lan guztiari kalte handia egin diote”.

Ahmed Anari ere iritzi berekoa da; “pertsonalki ez ezik, elkarbizitzari ere min handia egin diote. Komunitate oso bat kriminalizatu dute. Kazetaritzaren helburua elkarbizitza sendotzea beharko luke izan, eta ez alderantziz. Auzoko elkartearekin lan handia egin dugu; udaletxearekin eta instituzioekin adostasun ugari lortu ditugu, eta elkarbizitza asko hobetu da”.

Egoera horretara ailegatzeko bidea ez da erraza izan; duela bi urte, auzoko egoera oso “estua” zen, eta elkarbizitza hobetzeko lan egiten hasi ziren; aniztasunaren departamentua sortu zuten. Immigrazioaren inguruko diagnostikoa osatu zuten, eta arazoak identifikatu. Hurrengo astean Harrera protokoloa aurkeztuko dute: “Hirira ailegatzen den herritar orori lagunduko diogu, elkarteekin harremanak erraztuz, erroldatzeko eskubidea eskainiz, eta hiriko baliabideen inguruko informazioa eskainiz”.