argia.eus
INPRIMATU
Mexikok harremanak eten ditu Ekuadorrekin, Quiton duen enbaxadan polizia indarrez sartzeagatik
  • Estatu batek bere lurraldean dagoe enbaxada baten aurka horrelakorik egiten duen lehenengo aldia da. Mexikok enbaxada itxi eta iragarri du Ekuador salatuko dutela Nazioarteko Justizia Auzitegian nazioarteko eskubideak urratu izanagatik.

Olaia L. Garaialde 2024ko apirilaren 08a

Mexikoko Gobernuak Quiton duten enbaxada itxi, eta Ekuadorrekin duten harremana moztu zuten igandean. Raquel Serurrek, Mexikoko enbaxadoreak Ekuadorren, salatu du polizia indarrez sartu zela Quiton zuten enbaxadara Jorge Glas Ekuadorreko presidenteorde ohia atxilotzeko: "Gure enbaxadari egindako harrapaketa hain da handia, ezen Ekuadorko egungo gobernuak oraindik ezin baitu bere herriari egin ziona dimentsionatu, eta Ekuadorreko herritarrek ez dute merezi gaur egun duten gobernua". Horrelako eraso bat ematen den lehenengo aldia da. Nazioarteko Justizia Auzitegian salatuko dute pairatu duten nazioarteko eskubide urraketa.

Rafael Correarekin gobernatu zuen Glasek 2013tik 2018ra, eta ustelkeria leporatzen diote Ekuadorren. Mexikon aldiz, jazarri politikoa izateagatik babesten dute. Mexikok salatu du asilo politikoa "sakratua" dela eta enbaxadan sartu izana nazioarteko eskubideen urraketa "garbia" dela. Guayaquileko (Ekuador) segurtasun goreneko kartzela batera eraman dute Glas.

Mexikok iragarri duenez, enbaxada itxi izana erabaki "mugagabea" da, eta Ekuadorren bizi diren 1600 biztanlek menpekotasun sare baten eta ondoko herrialdeetako enbaxaden bidez jasoko dute arreta.

Herrialde askoren babesa

Gutxienez hogeita zortzi herrialdek zein AEBek eta Kanadak gertatua gaitzetsi dute eta babesa helarazi diote Mexikori. Horrez gain, Nazio Batuen Erakundeak eta Europar Batasunak ere gertatutakoa salatu dute. 

"Gobernu guztiek errespetatu behar dute misio diplomatikoak bortxaezinak direla. 1961eko Harreman Diplomatikoei buruzko Vienako Konbentzioak ezartzen den bezala, diplomazialarien eta bertako langileen segurtasuna harreman diplomatikoak arautzen duen funtsezko printzipioa da", esan du Europar Batasunak. Gaineratu du, hori errespetatzea "nahitaezkoa" dela "egonkortasuna" eta "nazioarteko oreka" lortzeko. 

Xiomara Castrok, Honduraseko presidenteak ere gertatutako salatu du asilo politikoa jasotzeko eskubidea urratzen duelako: "Onartezina da egin dutena, eta nazioarteko eskubideak urratzen ditu".