argia.eus
INPRIMATU
Ekonomia inklusiboa ardatz hartuta 'Enpatikonomia' jardunaldia egingo dute Oiartzunen
  • Oarsoaldeko Garapen Agentziak antolatuta, martxoaren 25ean egingo den jardunaldian ingurua eta ingurukoak kontuan hartzen dituen ekonomiaz hitz egingo dute, eta hainbat enpresetako esperientziak ezagutuko dituzte.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko martxoaren 10a
Oiartzungo Zinealdean egingo dute jardunaldia, \"ingurukoei entzun, guztiok irabazteko\" lelopean (argazkia: Oarsoaldea)

Enpatikonomiak, eredu neoliberalak kontrajarriak balira bezala aurkeztu dizkigun bi hitz batzen ditu: enpatia eta ekonomia. Jarduera ekonomiko batean pertsona eta errealitate anitzak kontuan hartu eta zaintzeko beharra adierazten du terminoak, ekonomia inklusiboa ardatz hartuta.

Oarsoaldea Garapen Agentziak goiz osoko jardunaldia antolatu du martxoaren 25ean gai horren inguruan Oiartzunen, enpresei "adibide baliagarriak eta praktika onak" erakusteko asmoz: "Izan ere, gure inguruko pertsonak eta errealitatea ongi egoteak eta ongi sentitzeak gure negozioan eragin positiboa dauka, dudarik gabe", azaldu dute.

Jardunaldian elkartrukerako aukera ere izango dela diote antolatzaileek, eta besteak beste ekonomia inklusiboa bultzatzeko programetan parte hartu duten langileen esperientzia ezagutuko dute bertaratuek. Horrez gain, Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Center-eko sortzaileak hitz egingo du tokiko komunitateek alor horretan duten garrantziaz.

Jardunaldia Oiartzungo Zinealdeko Chaplin aretoan egingo da, goizeko 10:00etan hasita, eta parte-hartzeko izena eman behar da.