argia.eus
INPRIMATU
Ekintzaile antimilitaristek mobilizazioak deitu dituzte martxoaren 12rako Bilbon
  • Espainiako Estatua Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean (NATO) barruan sartzea ahalbidetu zuen erreferendumaren 30. urteurrena dela-eta deitu ditu mobilizazioak mugimendu antimilitaristak.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko martxoaren 03a
Argazkia: Kakitzat Argazkia: Kakitzat

Martxoaren 12an 30 urte beteko dira Espainiako Estatua NATOn sartzeko erreferenduma egin zenetik. Espainiako Estatuan baiezkoak irabazi bazuen ere, Hego Euskal Herriko lau herrialdetan ezezkoa gailendu zen. Mugimendu antimilitaristak mobilizazioak deitu ditu ezezko hori “gogoratzeko eta berresteko”.

Egun osoko egitaraua antolatu dute. Kalejira egingo dute goizeko 12:30ean Zabalburu plazatik Gobernu Militarrararen egoitzara. “Musika militarraren aurkako” martxa abiatuko da bertatik Errekaldeko Etxarri gaztetxera. Bertan, lunch herrikoia eta triki-poteoa antolatu dituzte, eta kontzertuak izango dira arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, NATO "traba handia” izan da bakea lortzeko, eta adierazi dute erakunde horrek erantzukizun "zuzena" duela gaur egungo errefuxiatuen krisiarekin: “Milioika pertsonak beren etxetik alde egin behar izatea da NATO bezalako erakundeek eragindako gatazken ondorio nagusia”.