argia.eus
INPRIMATU
Ekin Hiriari, Barakaldoko hirigintza herritarren beharretara moldatzeko ekimena
  • Herritarren iniziatiba modura sortu da Ekin Hiriari Barakaldon, bizilagunen parte hartzea bultzatu asmoz. Barakaldoko herri mugimenduan parte hartzen duten sentsibilitate soziopolitiko ugaritako pertsonek osatzen dute Ekin Hiriari kolektiboa.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 11
Barakaldoko Gurutzeta plaza, ospitaletik begiratuta. (Argazkia: Javier Mediavilla Ezquibela)

“Gure hiriak, egun bizi dugun modura,  ez ditu herritar guztien beharrak kontuan hartzen” adierazi dute Barakaldoko EH Bilduren kolaborazioarekin batera lan egiten duen Ekin Hiriari-ko kideek.

“Biztanle molde zehatz batentzat eraikitako hirian bizi gara: gizon heldua, produktiboa, osasuntsua, eta beste pertsona batzuen zaintza bere gain hartzen ez duena” argudiatu dute Ekin Hiriari taldeko kideek.

Hiri molde horrek emakumeak, zaintzaileak, haurrak, etorkinak, langabeak, bizikleta erabiltzen duten pertsonak, urritasun fisikoa dutenak eta beste hainbat pertsona baztertzen dituela adierazi dute.

Hori dela eta, martxoaren 14, 15 eta 16an Barakaldoko Lasesarre Polikiroldegian Hiriari begiratzeko tresnak barneratzen jardunaldiak antolatu dituzte. Generoaren ikuspegitik “inkusiboagoa izango den hiria” eraikitzeko asmoz antolatu dira jardunaldiok.

Herritarren parte hartzea izango da prozesuaren motor. Barakaldoren eraikuntzan pixkanaka “berdintasunezko” irizpideak barneratu daitezen nahi dute Ekin Hiriari-ko kideek, oinarritzat “hiriaren humanizazioa” hartuta.

Jardunaldiez gain, Barakaldoko hirigintzaren “diagnostiko parte-hartzailea” sortzeko bidean lanean hasiko direla ere aurreratu dute kolektiboko kideek, “hiria nola bizi dugun” ezagutzeko.