argia.eus
INPRIMATU
Ekialde Hurbila sutan
Joan Mari Beloki 2025eko uztailaren 17a

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera litezke.

Israelek AEBen laguntzaz Irani egin zion eraso gogorraren helburua bonba nuklearra lortzeko azpiegitura suntsitzeko asmoz egin zuela saldu ziguten komunikabideek. Hala ote? Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk 30 urte inguru darama esaten Iranek oso gutxi falta duela bonba nuklear hori lortzeko. Bere bizi politiko guztia, alegia.

Nahi izan balu, Iranek dagoeneko eskutan edukiko luke arma boteretsu hori. Baina bi arrazoi sendo ditu ez edukitzeko. Lehenik, beren lider nagusi Ali Khameneik esanda, islamak debekatu egiten duelako. Bigarrenik, Iran 1970 ezkero TNP Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaren sinatzaileetako bat delako. Itun horren jarraipena egiten duen EANE Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak azken mende erdian jarraipen zehatza egin dio eta mundu osora zabaldua zuen Iran ez zela bonba nuklearra egiten ari. Israelek eta AEBek ziria sartu nahi izan digute denoi.

Benetako helburua 2001ean AEBetako Estatu Idazkariorde Paul Wolfowitzek adierazi zuen. Gizon horrek, Ekialde Hurbilean Israelen nagusitasuna errazteko bidean, zazpi herrialdetako zerrenda osatu zuen, militarki erasoa jasandakoak eta politikoki desorekatuak izateko: Irak, Siria, Libano, Afganistan, Somalia, Sudan eta Iran. Lehen seietan helburuak beteta zituzten. Iran bakarrik falta zen erasoa jasateko izateko. Wolfowitz honen plangintzan kokatu behar da ekainean gertatu den “12 Egunetako Gerra”-ren zergatia.

Zaila da interpretatzen gune nuklearren gaineko bonbardaketen arrazoiak. Zabaldu den bertsio batek dio Israel prest zegoela bonba nuklearrak erabiltzeko eta D. Trumpek aurre hartu nahi izan ziola Israeli

Israelek Irango Aiatola Khamenei, buruzagi militarrak eta zientzialari nuklear gorenak hil egin nahi izan zituen. Aiatola ez zuten hil aurkitu ez zutelako. Baina zortzi buruzagi militar eta gutxienez dozena bat zientzialari nuklear akabatzea lortu zuten lehen erasoan. Eta beste mila inguru zibil irandar ere, ehunka hegazkin israeldarrek jaurtikitako bonben ondorioz.

Israelek eragindako hilketa eta bonbardaketa guztiek helburu politiko argia zuten: Aiatolaren egitura politiko osoa boteretik kendu eta beste erregimen mota bat ezarri. Agian 1941-1979 urteetan zehar Irango xah (enperadore) izan zen Mohammad Reza Pahlaviren semea.

Baina Israel-AEB bikoak kalkuluak oker eginda zituen. Iranek erasoari aurre egiteko duen gaitasuna gutxietsi egin zuten eta Iranen erantzuna neutralizatzeko duen gaitasuna gehiegi balioetsi. Iran gai izan zen aurreikusi baino askoz modu sendoagoan erantzuteko eta egunetik egunera kolpe handiagoak jasoz joan zen Israel. Iranek bonbardaketak geldiaraztea besterik ez zuen bilatzen eta lortu egin zuen.

Operazioa irandar guztiek gaitzetsi zuten, baita erregimenaren aurkakoek ere. Erasoak herritarrek beren gobernu eta instituzioekin bat egitea lortu zuen. Israeldarren eta AEBen akatsetako bat izan zen pentsatzea armadak desertatu eta zientzialari guztiak lasterka aterako zirela eta jarraian jendea gobernuaren aurka altxako zela.

Bistakoa zen Iran gai zela nahi zuen edozein helbururi eraso egiteko, Mossad-en egoitzari barne. Argi ikus zitekeen Israel lehen aldiz gogotik sufritzen ari zela eta ez zegoela inolako seinale positiborik Iranen misil gaitasuna neutralizatzeko. Israeli misilak agortzen ari zitzaizkion eta horrek arazo estrategiko eta zaurgarritasun handiak zekarzkion.

Iranen aldean, berriz, jasaten zituzten kalteak gero eta txikiagoak ziren. Gune nuklearrak ez ziren ia kaltetuak izan. Eta herritarrak egunero uholdeka ateratzen ziren kalera, gobernuari babesa ematera. Gerra gero eta desorekatuago zegoen eta Israel porrot handia pairatzeko zorian.

Israelen aldeko lobby yankiak aurrera jarraitu nahi zuen, baina D. Trump eta bere MAGA (Make America Great Again) mugimenduak ez. Iran ere prest zegoen gerrari amaiera emateko, baldin eta Israel gelditzen bazen. Eta ustekabea gertatu zen. Hegazkin estatubatuarrek Irango gune nuklearren bonbardaketa amaitu eta minutu gutxira, D. Trumpek su-etena iragarri zuen. Horretarako, publikoki kargu hartu behar izan zion Benjamin Netanyahuri, sekula ikusi ez den zerbait eginez. Donald Trumpek presio izugarriak ditu sionisten eta neokontserbadore globalista gerrazaleen aldetik eta bide berezi bat bilatu zuen gerra amaitzeko.

Zaila da interpretatzen gune nuklearren gaineko bonbardaketen arrazoiak. Zabaldu den bertsio batek dio Israel prest zegoela bonba nuklearrak erabiltzeko eta D. Trumpek aurre hartu nahi izan ziola Israeli. Izan ere, gune nuklear guztiak suntsituta gelditu zirela ziurtatzean, Israel bonba nuklearra erabiltzeko aitzakiarik gabe geratu baitzen.

Estrategikoki, Aiatolaren eta bere egitura politikoaren aldaketa ez lortu izana Israel-AEB bikoarentzat porrot izugarritzat hartu behar da. Iranek, berriz, garaile ateratzea lortu du. Bestalde, Nazio Batuen Erakundea eta Nazioarteko Zuzenbidea jota geratu dira. Beste hainbeste esan dezakegu TNP Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunaz. Aurrerantzean nekez hartuko du serio Itun hau inork.

Iranek orain arte arma nuklearrik ez garatzeko politika izan du, baina aurrera begira kontutan hartuko du lehengo politikak eraman dituela AEB eta Israel Iran bonbardatzera.

Guda oraingoz amaitu da. Baina denbora kontua dirudi Israel eta AEB berriz ere antzeko erasoren bat egiten saiatzeak, Iran suntsitzeko asmo osoa baitute.

Joan Mari Beloki Kortexarena