Ekhi txanponaren aplikazio elektronikoa jarri dute martxan

  • Aplikazioaren bidez, bazkide diren saltokietan Ekhi txanpon elektronikoa erabiltzen hasiko dira. Txanponak ondo funtzionatzen duela ziurtatu nahi dute lehenengo, eta hilabete inguruko proba egingo dute Bilbo Zaharreko eta inguruko hamabi dendatan.


2016ko martxoaren 11n - 16:50
Paperezko Ekhiak balio gabe geratuko dira apirilaren 1etik aurrera.

Orain arte paperezko txanponak soilik erabil zitezkeen, baina elkartrukeak elektronikoki egin beharko dira hemendik aurrera. Horretarako, Ekhiren aplikazioa jaitsi behar dute bezeroek, eta tokian tokiko moneta onartzen duten komertzio batera joan, Euroak Ekhiengatik aldatzeko. Hori eginda, diru-zorro elektronikoan ingresatuko zaie dirua bezeroei. “Oso erosoa da bezeroentzat, dirua mugikorrean daramate-eta. Whatsapparen funtzionamendu bera da: erabiltzailea aukeratu, eta mezua bidali behar zaio transferitu nahi den diru kopurua zehaztuz”. Bezeroak mugikorreko kontu elektronikoan jasoko ditu Ekhi txanponak.

Paperezko Ekhiak balio gabe geratuko dira beraz, eta txanpon elektronikoak soilik erabili ahal izango dira apirilaren 1etik aurrera.

Ekhi Bilboko Zazpikaleetan jarri zuten martxan 2014an. Ekhi txanponaren helburua zen ekonomia lokala eta ekologikoa garatzea, dirua herritarrak ahalduntzeko tresna bihurtzea, herritar sareak sortzea, eta erregai fosilen erabilera gutxitzea.

Esperientzia gehiago: Euskoa Ipar Euskal Herrian

2013ko urtarrilean jarri zen abian Euskoa moneta Ipar Euskal Herrian, eta tokiko garapen ekonomikoa, ekologia eta euskara sustatzea izan zuen helburu. Hiru urteotan, Frantziako Estatuan diren 20 tokiko monetetan garrantzitsuena bilakatu da, eta 2. edo 3.a Europan, beren webgunearen arabera.

Hendaiako Herriko kontseiluak erabaki du Euskal Monetari kidetzea. Herriko kontseiluko udalbatzak bat egin du beraz, Euskoaren baloreekin.

Hainbat jatorriko ehunka pertsonek babestu zuten hasiera-hasieratik tokian tokiko moneta hori: 2013ko urtarrilaren 31n, 800 erabiltzaile eta 192 enpresa-buru, komertzio, laborari eta profesionalek babestu zuten moneta, eta urtea amaitzerako, 2.700 erabiltzaile baino gehiago eta 500 enpresa eta elkarte batu zitzaizkion.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekhi moneta
2021-09-06 | Kronika
Ekhi moneta abian: "Hernaniarrok gastatzen dugun dirua herrian gelditzea da xedea"

Udalak eta Ekhilur kooperatibak sustatzen dute 'ekhi moneta' sozialaren ekimena, eta Berriak Elkartearekin elkarlanean jarriko da martxan.


2014-07-02 | Uriola.eus
Bilboko Konpartsak Ekhi txanponarekin bat

Bilboko Konpartsok Ekhi bertako txanponaren ekimenarekin bat egin dugu, 2014 urteko Aste Nagusitik modu progresiboan txanpon hau ordainketa-modu bezala onartuz.


Eguneraketa berriak daude