argia.eus
INPRIMATU
Ekainak 21: erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko eguna
  • Erabakitzeko eskubidearen aldeko beste mugarri bat izatea du helburu ekainaren 21eko Gure Esku Dagoren dinamikak. Hilabeteetan herri eta auzoetan ehuntzen joan diren oihalak elkarrekin lotu eta hautestontzi erraldoiak eraikiko dituzte egun horretan Euskal Herriko hiriburuetan.

Garazi Zabaleta 2015eko ekainaren 11
Euskal Herriko eragile eta norbanako ugarik egin dute bat Gure Esku Dago-ren dinamikarekin (argazkia: gureeskudago.eus)

Iruñea (zezen plaza), Baiona (errugbi zelaia), Donostia (Anoeta estadioa), Gasteiz (zentroa) nahiz Bilbon (San Mames) egun osoko egitaraua antolatu dute antolatzaileek, aldarrikapena eta ospakizuna uztartuz. 17:30ean izanen da ekitaldi nagusia, bost hiriburuetan aldi berean: momentu horretan, oihal-kate guztiak elkarrekin lotu eta hautestontzi erraldoiak osatuko dituzte.

Egun osoan kontzertuak, dantzariak, bertsolariak, ikuskizunak eta beste hamaika ekitaldi izanen dira hiriburuetako kaleetatik.

Euskal Herriko eragile eta norbanako ugarik egin dute bat Gure Esku Dagoren dinamikarekin azken egunotan. Besteak beste, EAJk eta ELA sindikatuak aste honetan adierazi dute ekainaren 21erako beraien atxikimendua.

Arratsaldeko ekitaldietan parte-hartu nahi duen orok, sarrerak eros ditzake Interneten edota herrietan jarri diren salmenta puntuetan. Bestalde, antolatzaileek egun horretarako atera duten kamiseta soinean eramatea ere gomendatu dute.

Iaz Durangotik Iruñera egindako giza-kate erraldoiaren ondoren, pauso bat gehiago izango da aurtengo oihal katea.