argia.eus
INPRIMATU
EiTBko zuzendariak SGAEko “gurpila” iruzurraren auzian deklaratu zuen
  • SGAEko 18 bazkide atxilotu zituzten operazioan EiTB miatzeaz gain, Espainaiko Poliziak Maite Iturbe zuzendaria deklaratzera deitu zuen. Ez Jaurlaritzak ezta EiTBk ere ez dute horren berririk eman.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 09a

Eldiario.es-ek jaso du albistea Jaurlaritzako bi iturri aipatuz. Beren arabera, Iturbek ezer ez deklaratzeko hautua egin zuen, nahiz eta kolaboratzeko prest agertu.

Iturbek Jaurlaritzako Etika Batzordean jakinarazi omen zuen gertatutakoa, baina ez da bere kontrako neurririk hartuko epaiketa prozesua irekitzen ez den bitartean. Izan ere, batzordearen arabera, ez omen dago argi Iturbe inputatu edo lekuko gisa deitu zuten ere, auzia sekretupean baitago.

Jaurlaritzako iturrien arabera, EiTB-n –beste kateetan ez bezala– zuzendaria bera da autoreen elkarteei ordainketak egiteaz arduratzen dena, eta horregatik izan daiteke deklaratzera deitu izana.

“Gurpila” gisa ezagutzen den telebistako praktikaren harira atxilotu zituzten SGAEko 18 bazkide ekainaren 21ean. Ordu txikietan jartzen diren giro musikalak “kalitate baxuko musika edo moldaketa faltsuak dira” Poliziaren arabera, telebista kateen argitaletxeek egile eskubideengatik ordaindu behar dutena poltsikora itzultzeko beren-beregi sortuak. Bide hau erabiliz 2006 eta 2012 urteen artean 25 milioi euro fakturatu zituzten hamaika bazkideren zerrenda osatu zuen Anton Reixa SGAEko zuzendari ohiak.