argia.eus
INPRIMATU
EITBk solaskideen hizkuntza errespetatuko du adierazpenetan
  • EITBko kazetariek garbi adieraziko diote solaskideari euskara hutsean egin dezakeela, gaztelaniaz, edo bietara. EITBren oharraren arabera, ikus-entzuleek begi onez hartuko dute euskarari leiho bat irekitzea gaztelaniazko kateetan.

ARGIA @argia 2015eko uztailaren 07a
Lezoko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kideak adierazpenak egiten. Argazkia: Oarso Bidasoako Hitza.

Alegia, telebista kateetako edo irratietako kazetariak adierazpen eske aritzen direnean solaskideak berak esango du zein hizkuntzatan egin nahi duen, ala bietara egin nahi duen. EITBk zabaldutako oharrean dioenez, irratia edo telebista bera arduratuko da azpidatziak edo kazetariaren adierazpenak baliatzen entzuleak inolako informazio galerarik izan ez dezan. ETB2n, Radio Euskadin eta Radio Vitorian euskarazko adierazpenek izan dezaketen presentziaz ari dira hori diotenean.

Euskalgintzak behin baino gehiagotan eskatua zion EITBri hizkuntza hautua errespetatzeko, eta gaztelaniaz ari diren kateetan ere euskarazko adierazpenak egiteko aukera onartzeko.

2014an ekimena Lea-ArtiBAI Euskarari elkarteak eta UEMAk bultzatu zuten. Ondoren, Urola Kosta eskualdea batu zitzaien. 2015eko apirilean, kirol eta kultur munduko hainbat kidek egin zuten eskaria, besteak beste, Andoni Egaña, Pako Aristi, Itziar Ituño, Gaizka Garitano, Aitor Gorosabel, Ramon Agirre, Mikel Markez, Amets Arzallus, eta Iñaki Artolak.

Gai honen inguruan Argian, 2014ko abenduan, Marijo Deograciasek egindako erreportaje mamitsua irakur dezakezu hemen