'EITB Nahieran' proiektua aurkeztu zuen atzo komunikazio talde publikoak, irrati zein telebistako edukiak sarera eramateko egitasmoa. Atariak azken egunetako emanaldiak -EITBk eskubideak dituenak-, zuzenean emititzen ari dena, eta artxibo historikoko edukiak eskainiko ditu. Azken horrek azken urteetako albistegi guztiak zein aspaldiko kirol emanaldiak jasoko ditu, besteak beste. Artxibo horretan eskegiko diren edukiak proposatzeko aukera izanen du erabiltzaileak.
Eitb.com-eko entretenimendu edukien zuzendari den Iñako Gurrutxagaren arabera, proiektuaren helburua herritarren eskura "almazen handi bat jartzea" da, "edukiak nahi duten eran eta moduan entzuteko eta ikusteko". Gurrutxagaren ustez, ordea, "benetako urratsa litzateke edukiak deskargatu ahal izatea", baina "arazo juridikoak daude tartean".