EHZ

EHZn antolatu dituzten hitzaldi eta tailerrak

  • Aurten ere, Euskal Herria Zuzenean festibaleko eztabaida guneak hitzorduak antolatu ditu, Garroa gazteluko Xerrenda gunean. "Euskal Herrian eta munduan egunez egun jendarte askearen alde ari diren dinamikak ezagutuz, gure iniziatibak aberastea dugu xede", adierazi dute.


2017ko ekainaren 30an - 08:46
EHZ festibalean eztabaida gunea antolatu dute azken urteetan.

KONFERENTZIA - EZTABAIDAK

Larunbata, 11:00 - Europar Batasuna, burujabetasunaren etsai.

Gomitatua : Lur Gil Rey, Askapena mugimenduko kidea eta brigadista.

Europa eta Europar Batasuneko egungo egoera aztertzea da helburua. Hasteko, Europar Batasunaren jatorriaz mintzatuko gara, eta kapitalarekin eta burgesiaren klase interesekin duen lotura hertsia ikusiko dugu. Ondoren, Europar Batasunak eta haren baitako Estatuek azken krisi ekonomikoari nola erantzun dioten aztertuko dugu, barne eta kanpo-politikari erreparatuz.  Horretarako Greziaren adibide praktikoa jorratuko dugu. Azkenik, gaur egun bloke ideologiko historikoek zer jokabide duten analizatu, eta ondorio eta proposamen batzuk aurkeztu edo elkartrukatzea litzateke asmoa. 

Larunbata, 16:00 - Irlanda : bakea ala pazifikazioa?

Gomitatuak : Liam O’ Ruairc, Eoin O’ Broin

Ipar Irlandak azken urte hauetan bizi izan dituen egoera politiko eta soziala aipatuko dituzte Liam O’ Ruairc idazleak eta Eoin O’ Broin Sinn Féin alderdiko kideak. Independentziaren aldeko borrokan, herri honek borroka armatua, errepresioa, bake prozesua eta negoziazio politikoak ezagutu ditu. Zein dira ondorioak? Bakea eta deskolonizazioa lortu ote dira, justiziak aitzina pausuak egin ote ditu? Zein da preso politikoen egoera, zein dira autodeterminazioa eta lurraldearen batasunaren aldeko taldeen arteko loturak?

Igandea, 11:00 - Erresistentzia bai, baina gero zer?

Gomitatuak : Errekaleor auzo askea (Gasteiz), Notre-Dame-des-Landes-eko ZAD, Libre/Eleak plataforma, Getxoko Tosu kanpamendua.

Herrigintza ez dago lo. Euskal Herrian, autogestioan eta desobedientzian oinarritu kolektiboak garatzen ari dira, izan proiektu txikitzaileen edo errepresioaren kontra, izan balore edo bizi praktika batzuen alde. Aldarrikapenak eta militantzia moldeak eredu berrien bila dabiltza, lekuz leku. Mugimendu batzuk, feminismoak eta gune askeek adibidez, zeharkatzaile bilakatu nahi lukete. Halaber, ZAD-etik datozen haizeek oihartzuna dute hemen, eta elkarlanerako tresnak ari dira sortzen. Bakoitzaren esperientziatik abiatuz, zer trukatu eta sendotu daiteke bateragarritasun eta elkar zaintza batera buruz joateko, benetako indarra bilakatzeko?

TAILERRA

Larunbata, 17:00etatik 19:00etara - Asanbladen ibilmoldea, botere harremanak ardatz.

Gomitatuak: Joxemi Zumalabe fundazioko Ainhoa Narbaiza eta Pili Alvarez

Zeintzuk dira gure asanbladen egunerokoan identifikatzen ditugun zailtasun edo oztopo nagusiak? Asanbladen funtzionamenduari dagokionean zeri jarri behar diogu arreta? Hainbat galderari tiraka, asanbladen jardunean bizi izan ditugun hainbat kasu praktikori helduko diegu tailerrean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHZ
2024-04-02 | ARGIA
Pelax, Rudiger, Su Ta Gar, Süne edo Octopussy, EHZn iragarritako talde berrien artean

Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.


Belako, Nakar, Benizze, Lysistrata eta Vincen Garcia EHZren 28. edizioan

Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.


Eguneraketa berriak daude