argia.eus
INPRIMATU
EHUren testa erabiltzeko frogapen gehiago behar direla adierazi dute EHUk eta Jaurlaritzak
  • EHUren testa balidatu egin zuen Espainiako Gobernuak, Carlos III. Institutuaren bidez. Alabaina, balioztatze kliniko gehigarri baten beharra dagoela uste dute Jaurlaritzak eta EHUk. Nekane Murga Osasun sailburuak, garapen faseari dagokionez EHUko testa baino atzeratuagoa dagoen beste test eredu baten alde egin du agerraldietan.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 20a
Argazkia: Irekia

Orain egun batzuk jakin zen Euskal Herriko zenbait zientzialarik –EHUkoak tartean– koronabirusa detektatzeko testa sortu zutela, eta Eusko Jaurlaritza berauek erabiltzea planteatzen ari zela. Bide horretan ari direla eman du ulertzera Euskal Herriko Unibertsitateak, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila astelehenean publiko egin duten oharrak. Hala ere, zehaztu dutenez, testak erabiltzen hasteko frogapen gehiago egin behar dira, kutsatutako norbanakoetan horien erabilera egiaztatzeko. Datozen egunetan, ildo horretan lanean jarraituko dutela jakinarazi dute.

Testa balidatu egin zuen Espainiako Gobernuak, Carlos III. Institutuaren bidez. Balioztatze horrek “ikertzaileek erabilitako teknika ona aintzatesten” du EHUren eta Osasun Sailaren arabera; hala ere, balioztatze kliniko gehigarri baten beharra dagoela uste dute.

Oharraren bidez jakinarazi dutenez, “UPV/EHUk testak egiteko duen gaitasuna 500 eta 1.000 artekoa da egunean”. Ñabardura horrek ulertzera ematen du testak egiteko ez direla EHUtik haragoko laborategiak erabiliko; hala eginez gero, eguneko 10.000 test produzitu ahalko liratezkeela kalkulatzen da.

Nekane Murga Osasun sailburuak, ordea, beste test eredu baten alde egin du agerraldietan. Koronatesta izan du ahotan Murgak, garapen faseari dagokionez EHUko testa baino atzeratuagoa dagoen froga.