Ehunka lagun elkartu dira astelehenean Zarauztik Getariara joateko, igande goizaldean gertatutako bortxaketa salatuz. 18:00ak aldera bildu dira Zarauzko Musika plazan, eta bi herriak lotzen dituen ibilbidea egin dute, indarkeria sexista aho batez salatuz. Getariara iritsitakoan, ordu erdiko elkarretaratze isila egin dute manifestariek. Bilgune Feministak egin du protestarako deialdia, bi udalen eta Gipuzkoak Aldundiarekin batera. Denek herritarren erantzun ona azpimarratu dute.
Getariako emakume gazte bat izan zen igande goizeko bortxaketaren biktima. Zarauztik oinez itzultzen ari zela, ustez bi gizonek eraso egin zioten. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du oraindik gertatutakoa baieztatu.
Hainbat erakunde izan dira gertatutakoa arbuiatu dutenak:
Bilgune Feministak erasoetatik ofentsibara igarotzeko deia egin du, autodefentsaren aldarriarekin batera. “Autodefentsa aldarrikatzen dugu, baina herritar guztien babesarekin: Indarkeria justifikatu beharrean, erasoei aurre eginez, gaur hemen gertatu den bezala”, esan du Miren Aranguren Bilguneko kideak.
Zarauzko eta Getariako udalek ere bat egin dute indarkeriaren aurka. Bi herrietako alkateek zazpi puntuko adierazpena irakurri dute, tartean Ertzaintzari ikerketa azkartzeko eskatuz. Biktimari “erabateko babesa” adierazi diote.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere elkartasuna adierazi nahi izan diote biktimari, talde politiko guztiek sinatutako oharrean. “Biktimen segurtasuna bermatze aldera”, administrazio publikoa hobeto koordinatzeko eskaera egin dute. Herritarrei ere kolaborazioa eskatu diete, eraso hauen aurrean emakumeak defenda ditzaten edo poliziari dei egin diezaioten eskatuz.
Emakundek ere irmo eta gogor gaitzetsi du erasoa, eta eskatu die herritarrei emakumeek jasaten dituzten “jarrera iraingarriak” ez onartzeko.