Tarragonan dagoen Poblet monasteriora bisita egin dute Felipe VI.a eta Letizia espainiar errege-erreginek. Katalan errepublikarrak, baina, parean topatu dituzte. Zientoka lagun saiatu dira monasteriora iristen eta mossoek gogor egin dute haien kontra; pertsona bat ere atxilotu dute.
Espainiako Borboi etxeko erregeek joan de astean egin behar zuten bisita Kataluniara, baina azkenean gaur izan dira Pobleteko monasterio zistertarrean. Goizean goizetik katalan ugarik “ongi etorria” egin die monarkei eta protesta artean hartu dituzte. Figueres eta Girona arteko AHTren trenbidea moztu dute esaterako.
Felipe VI.a eta Letizia airez iritsi dira Reusera, Espainiako Osasun ministro Salvador Illak eta Espainiako Gobernuko ordezkari Teresa Cunillerak lagunduta. Poblet baizik ez dute bisitatuko eta ez dira Bartzelonara hurbildu ere egingo. Hala ere, eguerdian, ehunka lagunek martxa bat hasi dute monasterioaren inguruetara.
Mossoen dispositibo eta presentzia oso handia izan da, monasterio inguru guztiak hesitu dituzte eta protestan ari zirenak aurrera egiten saiatu direnean haien kontra egin dute gogor. CUPek oldarraldia salatu du, eta JxCat eta ERCri koroa babestea leporatu diete, horretarako poliza autonomikoa erabiliz. Protestetan gutxienez pertsona bat atxilotu dute.
Via Anonymous Catalonia
Vergonya Mossos😡😡
Catalan police, Mossos, attack anti-King protesters.
Video: Albert Salamé pic.twitter.com/RSd2xDTSBr
— Marga X La República (@MargaXrepublica) July 20, 2020
Anonymous Cataloniak bere Telegram kanalean azaldu duenez, manifestariak L’Espluga del Francolík abiatu dira eta poliziaren hesiarekin topo egin dutenean haietako asko mahastietan barrena egin dute monasterioaren ateetaraino iristeko. Handik kanporatu dituzte ondoren.
Òmniun eta ANC elkarteek ere gogor kritikatu dute errege espainiarren bisita eta protesta ekimenak antolatu dituzte. Astelehen gauean lapiko jotze erraldoia egingo dute, esaterako.