Manifestazio jendetsu batek hartu ditu Aguraingo kaleak larunbatean, Arabako Mendiak Aske plataformak deituta.
Mendiak ez daude salgai lelodun pankarta izan zen manifestazioaren burua. Atzean, eolikoen proiektuek kaltetuko lituzketen dozenaka herrietako ordezkariak, eta atzerago ehunka manifestari. Arabako Mendiak Aske plataforma energia berriztagarrien alde azaldu da azken asteetan, “baina ez horrela”. Parke eolikoak proiektatu diren Arabako mendiak industrializatu gabe mantendu behar direla defendatu zuten Agurainen, “azpiegitura gris inbasorerik gabe, beraien biodibertsitatea suntsi gabe”.
Sei proiektu, milaka alegazio
Sei parke eoliko daude aurreikusita Arabako mendietan. Bost Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundeak osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuak sustatu ditu: Azazetan, Arkamun, Iturrietan, Labrazan eta Arlabanen. Seigarrena Euskal Haizie enpresa pribatuak bultzatua da, Gesaltza Añanan. Aldundiaren txosten batek Iturrieta eta Arkamuko parkeen proiektuak aldatzea eskatu zuen iragan astean, paisaiari eta hainbat hegazti espezieri kalte “atzeraezinak” sortzeko arriskuagatik. Arabako Mendiak Aske plataformak herritarren 18.000 alegazio baino gehiago aurkeztu ditu jadanik proiektuen aurka.