argia.eus
INPRIMATU
Ehunka herritar elkarretaratu dira Hernanin San Joan gaueko eraso arrazisten kontra
  • Hernaniko Txosna Batzordeak azaldu duenez, gutxienez hiru eraso arrazista izan ziren herrian ekainaren 23ko gauean, eta horren harira zabaldutako “bulo eta gezur arrazistak” salatu ditu. Udalak ere adierazpen instituzionala onartu du gertaturikoa gaitzesteko. Amher elkarte multikulturalak deituta, ehunka lagun elkarretaratu dira herriko plazan astearte arratsaldean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko ekainaren 25
Ehunka lagun elkartu dira Hernanin, San Joan gaueko talde-eraso arrazistak salatu eta elkarbizitzaren aldeko mezua luzatzeko.

Sanjoan festetan, ekainaren 23ko gauean istilu larriak izan ziren Hernanin, eta zaurituak eta atxilotu bat eragin zituzten hainbat borrokak eta Ertzaintzaren oldarraldiak. Txosna Batzordeko eta Hernaniko Udaleko iturriek azaldu dutenez, liskar baten ostean hasi ziren istiluak, eta gauean zehar hiru talde-eraso arrazista izan ziren, “jipoi masibo eta antolatuen bidez”.  Pertsekuzio horien ondorioz pertsona bat ospitaleratu behar izan zuten, Gedar-ek zabaldu duenez.

Gertakariak salatzeko, Amher elkarte multikulturalak eta beste hainbat eragilek deituta ehunka pertsona bildu dira Hernaniko Gudarien plazan astearte arratsaldean. Amaieran irakurri duten adierazpenean esan dute Hernanin “magrebtar jatorriko herritarren aurkako gorroto mezuek” ez dutela lekurik, “ezta edozein herritarren osotasun fisikoa arriskuan jartzen duten jarrerek ere”.

"Edozein kasutan, herri bezala horrelako egoerei eman nahi diegun erantzuna da hemen jokoan dagoena”, Amher elkartea

Elkarteak argi du Hernanin bizitakoa bezalako gertakariek “jatorri arrazista” dutela: “Edozein kasutan, herri bezala horrelako egoerei eman nahi diegun erantzuna da hemen jokoan dagoena”, esan dute amaieran.

Hernaniko Udalak bat egin du elkarretaratzearekin eta gertakariak gaitzesteko adierazpen instituzionala onartu du. Azaldu duenez, ez dago “informazio argirik” istiluen aurretik izandako liskarraren inguruan. Pertsona batek ZIUn amaitu zuela zabaldu zen sare sozialetan, baina inork ez du halakorik baieztatu.

Hernaniko alkate Xabier Lertxundik EiTBri azaldutakoaren arabera, San Joan gauean pertsona batek babesa bilatu zuen udaletxean dozenaka lagun atzetik zituelako; istiluek gain hartuta, Udaltzaingoak Ertzaintzari laguntza eskatu zion eta horrek “giroa are gehiago gaiztotu” zuen.

Txosna Batzordea: “Ez dago lintxamendua justifikatzerik”

Hernaniko Txosna Batzordeak poliziak txosnagunean egindako “oldarraldi bortitzak”  salatu ditu eta elkartasuna adierazi die zaurituei.

“Irmoki salatu nahi ditugu gertakarien harira asmo interesatuarekin zabaltzen ari diren bulo eta gezur arrazistak, baita Hernanin jaien aurretik hedatutakoak ere”, Hernaniko Txosna Batzordea

Era berean, Amherren elkarretaratzearekin bat egin du eta bere iritzia eman nahi izan du eraso arrazisten aurrean: “Liskar edo borrokaldi batek ez du sekula justifikatuko talde eraso antolaturik”, esan du.  

Batzordean daude Hernani Errugbi Elkartea, Bilgune Feminista, Ernai, Mugimendu Sozialista, Kontrakantxa Gaztetxea, Askapena, Denak Etxera, Elkartasun Taldea eta Boltaia. “Irmoki salatu nahi ditugu gertakarien harira asmo interesatuarekin zabaltzen ari diren bulo eta gezur arrazistak, baita Hernanin jaien aurretik hedatutakoak ere”, azaldu dute ohar batean. Beren ustez elkarbizitza urratzen duten jokaeren aurrean “ez dago lintxamendua justifikatzerik”.

Buloak eta gezur arrazistak  

Hernanin aurreko asteetan hainbat mezu xenofobo zabaldu dira ultraeskuinari loturiko sare sozial toxikoetan, herriko segurtasuna aitzakia hartuta. Horren aurrean, Amherrek elkarretaratzea egin zuen pasa den ostiralean, arrazakeria salatzeko.

Hernaniko ikastetxeak eta hezkuntza eragileak biltzen dituen Hezkuntza Plataformak, bere aldetik, ohartarazi du azkenaldian “xenofobiaren gorakada nabaria” gertatzen ari dela herrian eta horren atzean “mezu faltsuak” baino ez daudela. Harrera Sareak ere X sareko kontu batzuk seinalatu ditu “gezurrak zabaltzeagatik” eta Hernanin gertaturiko “ehiza” salatu du.