Ehunka herritarrek egin zioten harrera Euskal Kulturaren azokari

  • Atzo ireki zituen ateak Durangoko Azokak. Euskal Herri osoko jendea bildu zen literatura eta musikaren ingurura 47. edizio honetan. Hasiera euskal kultura eta flamenkoa lotzen dituen ekitaldi batek eman zuen eta amaieran Benito Lertxundiri eman zioten Argizaiola saria. Lau egunetarako 300 ekitalditik gora antolatu dituzte.


2012ko abenduaren 07an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

Esan bezala Lertxundik jasoko zuen Gerediaga Elkarteak ematen duen Argizaiola saria, 60.hamarkadatik hona "euskal musikaren erreferente izan delako eta Durangoko azokarekin lotura estua izan duelako", azokako zuzendariak adierazi duenez.

Aurtengo kultura gonbidatua Ijito herria izan da. Ijitoak 600 urte inguru dira gure artean bizi direla eta "kultura ikusezin bezain urrunekoa da gutako hainbatentzat". Beraien kultura ezagutzeko tailerrak eta ipuin kontaketak, flamenkoaren gaineko hitzaldia eta erromintxelaren gaineko mahai ingurua, edota flamenko estilo ezberdinak euskal kulturaren elementu esanguratsuekin uztartuko dituzte gaurko "ijito gauean", besteak beste.  

Durangoko azokak aurten ijito herriaren ohiturak eta kultura ezagutzeko aukera emango digu; tailerrak, ipuin kontaketak, flamenkoaren gaineko hitzaldiak eta beste hainbat ekitaldi izango dira. Nafarroaren konkista  eta Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrenak ere gogoan izango dira eta hainbat hitzaldi izango dira hauen inguruan Oroitzak izenburupean Areto Nagusian. Naiz eta azokak egun bat gutxiago izan inoiz baino ekitaldi gehiago daude: 253 erakusmahai, 400 nobedade baino gehiago eta 300 ekitalditik gora izango dira zazpi guneetan banatuta.

ARGIAkoak ere bertan izan ginen atzo eta jakin bertan gazte eta langabetuentzat harpidetzak %35 merkeago izango ditugula eta salmentan ditugun produktuak prezio bereziak izango dituztela.


Eguneraketa berriak daude