argia.eus
INPRIMATU
Ehundik gora izan daitezke Kongoko kobalto meatzean hildakoak, militarren tiroek eragindako izualdiaren ondorioz
  • Lualaba eskualdean dagoen meatzean jendeak tiro hotsak entzun eta ihesean hasi denean, egurrezko egitura bat eta lurrazala behera erori dira. Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak oraingoz 40 hildako zenbatu ditu baina dozenaka desagertu daude eta ehundik gora izan daitezke bizia galdu dutenak, bertako iturrien arabera. Herrialde horretatik esportatzen da munduan kontsumitzen den kobaltoaren %76, eta zati handi bat legez kanpo erauzten da esplotazio baldintzetan, atzerriko multinazionalak eskulan horretaz baliatzen diren bitartean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2025eko azaroaren 18a
Kobalto meatzean luizi handi batek harrapatu ditu eskuz minerala erauzten ari ziren langileak, segurtasun pribatu gisa kontrataturiko militarrek tiro egin ostean sorturiko izualdian.

Dozenaka hildako izan dira Kongoko Errepublika Demokratikoko (KED) hegoaldean, Lualaba eskualdean dagoen Kalando meatzean, militarrek tiro egin eta izuaren ondorioz egurrezko zubi bat behera erori denean. Oraingoz 32 hildako zenbatu dituztela esan du KEDeko Gobernuak, baina desagertuak askoz gehiago dira.

Lekukoek diote aurretik segurtasun lanetarako kontrataturiko militarren tiro hotsak entzun direla eta horrek izua eta pilaketak eragin dituela langileen artean.

Bertsio ofizialaren arabera, meatzea ustiatzen duen txinatar konpainiak lubaki handi bat zuen egina inguruan, "segurtasun" perimetro bezala, dirudienez azken egunetako euriteen ondorioz Kinshasako gobernuak meatzeen ustiapena "erabat" debekatuta zuelako, luizi arriskuengatik.

Baina urez gainezka zegoen lubakiaren gainean egurrezko zubi bat zuten eraikita langileek, meatzera "indarrez" sartzeko eta, gobernuko iturrien arabera, egitura hori behera erortzean gertatu da hondamendia.

Aitzitik, lekukoek diote aurretik segurtasun lanetarako kontrataturiko militarren tiro hotsak entzun direla eta horrek izua eta pilaketak eragin dituela langileen artean.

Sare sozialen bidez zabaldutako bideo batean ikus daiteke jendetzak nola egiten duen ihes luizitik.

"Horrela ematen die indarra Kongoko odolak gure bizitzei”

Siddharth Kara kazetari estatubatuar eta Cobalt Red (Kobalto Gorria) liburuan idazleak azaldu du bideoa Lualabako hiriburuko, Koweziko lagun batek pasa diola eta iturri horien arabera ehundik gora izan daitezkeela hildakoak: “Horrela ematen die indarra Kongoko odolak gure bizitzei", salatu du.

Munduan kontsumitzen den kobaltoaren %76 KEDeko hegoaldeko kobrearen gerrikotik esportatzen da eta konpainia multinazionalek dituzte hango meatzeen eskubideak, batez ere txinatarrek.

Heterogenita izeneko minerala, modu industrialean ez ezik, eskuz ere erauzten dute ehunka milaka herritarrek –horietako asko haurrak–; legez kanpo egiten dute, beste baliabiderik ez dutelako eta euren lurretatik kanporatuak izan direlako.

Shabarako meatzean, 15.000 langile etengabe aritzen dira kobaltoa esku hutsez erauzi eta zakuetan garraiatzen krater handi batean. Siddharth Kara

Eskulan hori funtsezkoa zaie konpainiei, modu horretan erauzitako materiala kalitate handiagokoa delako eta berriz ere hornidura-kateetan txertatzen dutelako ustelkeria sare erraldoi baten bidez, Karak bere liburuan erakutsi duen moduan.

Eskulan hori funtsezkoa zaie konpainiei, modu horretan erauzitako materiala kalitate handiagokoa delako eta berriz ere hornidura-kateetan txertatzen dutelako ustelkeria sare erraldoi baten bidez

Kongoko kobaltoa ezinbestekoa da gaur egun munduko teknologia enpresa handienentzat (Apple, Google, Motorola, Microsoft…), baita litio-ioizko bateriak egiten dituztenentzat ere (CATL, Samsung, Panasonic... ), telefono mugikorrak eta auto elektrikoak ekoizteko, besteak beste.

Hala, Londresko metalen burtsarainoko bidean asko dira aberasten direnak, meatzeetan dabiltzan kongoarrek kutsadura, haur esplotazioa, zorrek sortutako esklabotza, istripuak eta militarren erasoak jasaten dituzten bitartean.

Gaiaren inguruan Kongo eta kobaltoa: krimen baten froga soinean erreportajea kaleratu genuen Larrun gehigarrian.