Diskrezioz, berak nahi bezala. Apal-apal igaro da (“ospatu” esatea gehiegi izango litzateke) RSS antolakunde indiarraren ehungarren urteurrena: ekitaldi neurritsu bat Nagpur, jaiolekuan, urriaren 2an; beste hainbat han-hemenka, Indian barrena, hilabete osoan; eta batzorde exekutiboaren bilkura, berriro Nagpuren, urriaren 30ean.
Bizkitartean, 2023an Adani Group erraldoi adiskideak erosi zuenetik are abegikorragoa den NDTV kateak landutako dokumentalen bat edo beste, etxerako. Atzerrian, gaiaren jakinbide zuzena duen BBCk argitaratutako artikulu txukuna, baina asko gehiagorik ez... Nolako antolakundea, halako arreta.
RSS-Rashtriya Swayamsevak Sangh antolakundea hitz bakar batez definitu behar balitz, seguruenera, hauxe izango litzateke egokiena: diskrezioa. Sekretua izan gabe (egoitza publikoak, arduradun izendunak, uniformez janzten diren kideak eta jendaurreko ekitaldiak badituelako), erakunde diskretua baita RSS... haren legezkotasuna ere eztabaidagarria bada ere. Hiru bider jarri dute legez kanpo antolakundea Indiako auzitegiek: 1948an, Mahatma Gandhiren hilketaren ondorioz; 1970eko hamarkadan, Indira Gandhik emergentzia-egoera aldarrikatu zuenean; eta 1992an, Babri meskita suntsitu eta ondorengo sarraskien karira. Hiruretan berritzuli da jendaurreko jardunbide alegalera... Eta (geure arteko hizkera erabiliz) bere “fronte politikoa” den BJP-Bharatiya Janata Party, munduko alderdi politiko handiena omen denaren bitartez, hainbat estatu federaletako gobernuetara. Baita India osokora ere, Advani, Modi eta gainerako RSS-kide gorenen bitartez. Hindutva-ren zerbitzura.
Duela hogei urte idatzi zuen Chetan Bhatt-ek: “Esan liteke, bere hainbat milioi kiderekin, edozein nazio garaikidetan existitzen den kidego paramilitar pribatu handiena dela RSSa. Bada hemen demokrazia liberal formalaren subertsio bat, estatus korporatibo eta juridiko anbiguoa duen kultu paramilitar nazional sekretu antidemokratiko batek, RSSko kide eta ekintzaile ugari ordezkatzen dituen legezko alderdi politiko batekin eta estatu zentral eta federaleko erakundeekin jada duen lotura berezi eta bitxia dela eta”. Kidego paramilitar pribatua: ez da definizio txarra.
Harez geroztik, hazi besterik ez da egin lotura hori; eta RSS bera. Boterearen goxotasunak lagunduta, besteak beste. Diskrezioz. Lau bat milioi kide dituela esaten da; baina zenbatespena besterik ez da hori ere. Doiagoa izan daiteke dituen shakha edo oinarrizko antolakundeen kopurua: 73.177, iaz. Indian bertan ez ezik diasporan ere errotuta. Diskrezioz, beti. Hindutva goiburu dela, borrokarako prest. Edonon. Edonoiz.