María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak egin zituen aurkezpenean gaztelaniarako aldibereko itzulpen lanak. Ekintza horren bidez, hizkuntza gutxiagotuak eremu akademikoetan egotea aldarrikatu nahi izan du Galindok.
Bolivian ez du halakorik lortu. Gradu Amaierako Lana kitxuaz aurkezten saiatu zen, baina ez zuen lortu. Nahiz eta herritar gehienek kitxua badakiten, epaimahaiko irakasleen artean ia inork ez zekien Hego Amerikako herrialde askotan hitz egiten den hizkuntza indigena gutxiagotu hori. Galindori ez zioten aukerarik eman bere jatorrizko hizkuntzan lana defendatzeko. Bigarren saiakera egin zuen, baina orduan ere kale; lanaren idatzizko zati bat baino ezin izan zuen aurkeztu kitxuaz idatzita.
Galindok aldarrikatzen du hizkuntza gutxiagotuek egon behar dutela espazio akademikoetan, nolabait esan “eliteko eremuetan”, eta bere ustez, hizkuntza erabiltzearen bidez erakutsi daiteke komunitate indigenak leku horietan badaudela.
Irakasleen babesa eta laguntza
Zientzia politiko eta nazioarteko harremanetan lizentziatua da Galindo, Bolivian, eta EHUn Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra egin du. Izaro Gorostidi izan du tutore. Hari kontatu zizkion Bolivian jatorrizko hizkuntzan lanak aurkezteko oztopoak. Galindok dio hemen irakasle batzuk harritu direla ezintasun horiek entzunda, bai baitakite Boliviak lan asko egin duela komunitate indigenen eskubideak aldarrikatzeko. Berak esaldi batean laburtu du egoera: “Boliviako konstituzioak 36 hizkuntza indigena onartzen ditu, baina praktikan ez zaigu eremurik eskaintzen gure hizkuntzetan ekarpenak egiteko”.
Horregatik, harritu zen Gorostidik proposatu zionean Master Amaierako Lana kitxuaz aurkezten saiatzea: “Nire herrialdean ez badidate uzten, hemen nola utziko didate, inork ez du-eta hizkuntza ezagutzen?”. Masterreko irakasleei galdetu zien, eta asmoa gauzatzeko babesa eta laguntza jaso zuen. Hala, masterraren zuzendariarekin hitz eginda, aldibereko itzulpena egitea pentsatu zuten.
Ia lan osoa kitxuaz idatzi du, eta ondoren gaztelaniara itzuli. Anaiak lagundu dio itzulpena borobiltzen, eta berak egin du aldibereko itzulpena lanaren aurkezpen egunean. Galindok erabaki egin behar izan du idatzizkorako nolako idazkera aukeratu. Berak esan digu kitxuaz hitz egiteko eta idazteko molde asko daudela (Bolivian, Perun, Ekuadorren, Kolonbian, Argentinan eta Txilen hitz egiten da), eta bat aukeratu behar izan duela. Izan ere, akademiari lotutako idatzizko lan oso gutxi dago Bolivian, kitxuaz. Boliviako ahozko sisteman erabiltzen den moldea hartu du oinarri eta horretara jo du idatzian.
Herri baten erresistentzia, kitxuaren bidez
Kitxua hiztun ekintzaileari galdetu diogu zer esan nahi duen berarentzat EHUn aurkezpena bere jatorrizko hizkuntzan egin izanak. Bere ama, amama, eta bere komunitateko emakume indigena guztiak izan ditu gogoan. Haiek ez baitzuten izan, ez aukerarik, ez pribilegiorik, hezkuntza jasotzeko: “Nire ama 12 urterekin hasi zen lanean. Bere gorputza eta energia osoa jarri ditu nik eremu hauetara [akademia] nire sustraiak eta jatorria eramateko”. Ez baita seme-alabak akademiara iristea lortzea bakarrik, helburua da komunitate indigena horien memoria eta borroka hizkuntzaren bidez erakustea. Galindok komunitate indigenek jasandako zapalkuntza ekarri du gogora: komunitate desplazatuak, zapalduak, lurrak eta lurraldeak kendu dizkieten gobernuak eta diktadurak, haien baliabideak ustiatzera joan diren enpresa pribatuak...
Badu beste helburu bat hizkuntza lehen lerroan ipintzeak. Komunitate indigenen historia beraiek kontatu nahi dute, haien ahotsez. Galindok adierazi du sarri gertatu zaiela ikerlariak haien komunitateetara gerturatzea ikerketa soziologikoak egiteko, eta haien bizimoduarekin eta mundu ikuskerarekin zerikusirik ez daukaten argazkiak egiten dituztela. Beraiek nahi dute beraien historia kontatu: “Komunitatearen erresistentzia izan da esatea, ez, guk gure gazteak prestatuko ditugu eta haiek azalduko dute nola bizi garen, zein den gure mundu-ikuskera. Seguru nago ez naizela hau egiten ari den bakarra, munduaren beste bazterretan ere ariko dira hizkuntza gutxiagotuetan ikerketa lanean”.