EHU

"Eskulan merkea baino ez garela ematen du"

  • Lan-baldintzen "benetako" hobekuntza eskatzeko protestan dabiltza EHUko aurre-doktoreak. Euren lan-eskubideak ukatzeko unibertsitateak legearen "anbiguotasuna" erabiltzen duela salatu dute.

Aurre-doktoreek protestak egin dituzte hainbat campusetan. (Argazkia:Aurre-doktoreen Asanblada)
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko ekainaren 01an - 08:47

Lan-baldintza duinak eskatzeko asmoz, Aurre-doktoreen Asanblada sortu zuten iaz EHUko 300 ikerlari inguruk. Kexu dira unibertsitateak, Espainiako Gobernuaren aginduz, aurre-doktoreen kontratua, "aldebakarrez eta gardentasun eskasaz", orain arte obra eta zerbitzu kontratua zena praktikaldi-kontratua izatera aldatu zuela iaz, euren egoera are prekarioago bilakatuz eta kolokan ipiniz. 2014tik aurrerako kontratuetan egin dute aldaketa, atzerako eraginagaz.Patxi Juaristi Bizkaiko Campuseko errektore-ordeak azaldu duenaren arabera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako 2011ko Legean oinarritzen dira kontratu horiek, "horrek esan gura du kontratuek prestakuntzarakoak izan behar dutela; eta benetan sinesten dugu horretarako kontratuak direla".

Bere aldetik, Eneko Romero asanbladako kideak dio tesi bat egiteagatik ordaintzen diela EHUk ikerlariei, "ez formatzeagatik". Gainera, gogoratu du egindako lan zientifiko denetan unibertsitatearen izena aurkeztu behar dutela, eta hori normala dela dio. Baina horren truke EHUk langile izaera onartzea eta lan-baldintzak zein eskubideak bermatzea eta babestea eskatu diote unibertsitateari. Era berean, EHUk euren figura "anbiguoa" erabiltzen duela deitoratu du, alde batetik doktoretza-programa batean dauden ikasleak direlako eta, bestetik, langileak direlako, euren ikerketengatik ordaintzen dietelako: "Anbiguetate juridikoa darabilte figura bi horiek nahasteko eta gure kontratua formaziozkoa dela esateko". Romerok gogoratu du aurre-doktoreen izaera juridikoa garatu behar zuen araudia ez dela garatu oraindino.

Eskatzen dutena, puntuz puntu:

  • Aurre-doktoreen kontratuari "prestakuntzarako" kategoria kendu.
  • Kontratua amaitutakoan indemnizazioa bermatu.
  • Soldata irakasle laguntzaileen soldatagaz berdindu, murrizketa barik.
  • Ikertzaile Doktoregai Kontratatuak EHUko lan-kontratadun irakasle eta ikertzaileen hitzarmen kolektiboan sartu.

Konponbide bila

Patxi Juaristiren ustez, arazoari irtenbidea emateko berba egin beharra dago, eta adierazi du EHUk borondate osoa duela aurre-doktoreakaz biltzeko. Romerok, ostera, uste du aurretik egindako bileretan unibertsitateak hamaika aitzakia erabili dituela bere erantzukizuna ukatzeko, "ez da negoziaziorako margenik eskaintzen". Hala, azaldu du euren kontratua EHUgaz sinatuta daukatela eta, ondorioz, unibertsitateko langileak direla. Horregatik, sindikatuakaz harremanetan ipini dira eta negoziazio kolektiboaren bidez bideratzen dabil dena: "Unibertsitateari ez zaio interesatzen marko horretan jorratzea gaia, gure langile izaera onartu behar duelako, baina sindikatuen bidez gure egoera mahai-gainean dago". Modu berean, asanbladako kideak uste du ez dela agenda-arazo bat, "borondate-falta" baizik. Dena dela, aitortu du ez diotela uko egiten bilera bat eskatzeari, "baina horretarako EHUk bere ardura onartu behar du, eurak direlako gure enplegatzaileak".

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHU
EHUk harremanak hautsiko ditu Palestinako sarraskia gaitzesten ez duten Israelgo unibertsitateekin

EHUko Gobernu Kontseiluak adierazpena onartu du, Palestinaren alde eta Gazako sarraskiaren aurrean. Hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, boluntariotza programa bat martxan jartzea, errefuxiatuen arreta zabaltzea eta giza eskubideen inguruko gogoeta sustatzea. Harreman... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


2024-04-12 | Hiruka .eus
Itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgetan izan duen eragina aztertu dute

Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura-igoerak makroalgen komunitateetan izan duen eragina aztertu du EHUko ikerketa-talde batek. Bizkaiko kostaldeko eremu batean sakonera-puntu desberdinak ikertu dituzte eta ikusi dute egituratzaileak diren afinitate hotzeko... [+]


EHUk Zibersegurtasun Katedra sortu du Israelgo unibertsitate bat erreferentzia hartuta

Proiektuaren memorian, nazioarteko erakunde laguntzaileak daude, eta horien artean Tel Aviveko unibertsitatea nabarmentzen da "erreferentzia" gisa. El Saltok lortu duen dokumentazioaren arabera, gobernu sionistak Gazan genozidioa hasi eta egun gutxira onartu zen... [+]


Eguneraketa berriak daude