argia.eus
INPRIMATU
EHUk harremanak hautsiko ditu Palestinako sarraskia gaitzesten ez duten Israelgo unibertsitateekin
  • EHUko Gobernu Kontseiluak adierazpena onartu du, Palestinaren alde eta Gazako sarraskiaren aurrean. Hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, boluntariotza programa bat martxan jartzea, errefuxiatuen arreta zabaltzea eta giza eskubideen inguruko gogoeta sustatzea. Harreman komertzial edo akademikoak ere etengo ditu Palestinan giza eskubideak errespetatzen ez dituzten erakundeekin, bereziki Israelgo unibertsitateekin.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko apirilaren 25a
EHUren Gobernu Kontseilu berriak Palestinaren aldeko adierazpena onartu du. Argazkia: EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Palestinaren aldeko manifestu bat onartu du asteazkenean. Bertan eskatzen du Nazio Batuen Erakundeak harturiko erabakiak betetzea eta unibertsitate publikoaren hainbat konpromiso ere zehazten ditu, horien artean "harreman komertzialak edo akademikoak berrikustea eta halakorik ez ezartzea giza eskubideak, nazioarteko zuzenbidea edo Palestinako egoerari buruz Nazio Batuek emandako ebazpenak errespetatzen ez dituztenekin".

Aldeko 40 boto eta bi abstentzio izan ditu Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean izeneko adierazpenak.

Gobernu Kontseiluak nabarmendu du EHUren Kode Etikoak berak zehazten duela giza eskubideekiko konpromisoa eta "terrorismo eta indarkeria mota guztien gaitzespena". Eta horren harira, gogoratu ditu Ukrainako inbasioaren edo urriaren 7an Hamasek egindako erasoaren kari egindako adierazpenak.

"[EHUk] Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko konpromisoa hartzen du"

Orain, Israel Palestinan egiten ari den sarraskiaren aurrean onartu du manifestua. Besteak beste, eskatu du eraso horiek amaitzea eta Gazara laguntza humanitarioa sartzen uztea, baita "Israelera armak bidaltzeari uztea, eta bidegabeki bahituta eta giltzapetuta dauden pertsona guztiak askatzea" ere.

Unibertsitateak harturiko konpromisoen artean daude errefuxiatuen arretarako eta boluntariotzaren inguruko programak sustatzea eta egitasmo bateratuak abian jartzea su etena eskatzeko. Manifestuaren azkeneko konpromisoa unibertsitateak izango dituen harremanen ingurukoa da.

"Ez gaude ohiko gerra edo gatazka baten aurrean"

"Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak ez izateko eta hausteko konpromisoa hartzen du". Hala dio manifestuak konpromisoen azkeneko puntuan.

Eva Ferreira EHUko errektoreak zera esan du: "Ez gaude ohiko gerra baten edo ohiko gatazka armatu baten aurrean, baizik eta hondamendi humanitario baten eta gizateriaren aurkako krimen baten aurrean". Horregatik, Gobernu Kontseiluak "akordio zabal" batekin bere "posizioa argi finkatzeko" beharra ikusi du.