argia.eus
INPRIMATU
EHUk azpikontratatutako garbitzaileek bost asteko greba hasi dute
  • EHUk eta Hezkuntza Sailak azpikontratatutako grebalariak dira. Eusko Jaurlaritzaren garbiketa langileen soldatarekin alderatuz %13 gutxiago kobratzen dute.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 02a
Martxoak 2, greba hasi berri dute garbitzaileek. Argazkia: LAB.

Martxoaren 2an hasi dute greba eta bost astez lanari utziko diote. CCOO, LAB, ELA eta ESK sindikatuek egin dute deialdia. Bost urtez aritu dira sindikatuak eta patronala negoziazio mahaian, eta urtarrilean patronalek mahaira joateri utzi diote. Horrez gain, sindikatuek salatu dute Eusko Jaurlaritza “beste aldera begira” dagoela. Grebara jotzeko arrazoi nagusietakoa azpikontratatuen eta Jaurlaritzaren beraren langileen arteko lan-baldintza desberdintasuna da. Kontratatutako langileek baino %13 gutxiago kobratzen dute azpikontratatuta daudenek. Sindikatuek eskatu dute Jaurlaritzaren langileen soldatekin parekatzea. Hain zuzen, greban ondoko leloa erabiliko dute: “Lan bera, soldata bera”.

Aldea eurotan neurtzeaz gain, metrotan azaldu dute. Hezkuntza Saileko garbitzaileek gehienez 1.420 metro garbitzen dituzte egunean eta azpikontratatutako langileek 2.500. Sindikatuek salatu dutenez, hainbatetan 2.800 metro garbitzera iristen dira, alegia, Hezkuntza Saileko langileen bikoitza. Lan zamaren ondorioz karpoko kanalaren sindromea, sorbaldako tendinitisa eta antsietatea pairatzen dituztela adierazi dute.

Soldata eta lan zama desberdintasunaz gain, hirugarren ezaugarri bat aipatu dute: %40k lanaldi partzialak ditu, eta enpresek ez dute neurririk hartu partzialak egun osoko bihur daitezen.

Sindikatuek kritikatu dute nola Hezkuntza Saila eta EHU “prezio baxuenean” ari diren zerbitzuak kontratatzen eta ondorioz enpresek argudiatzen diete zailtasunak dituztela langileen hobekuntzak onartzeko. Grebaren bidez presioa egin nahi dute enpresek negoziazioa serio hartu dezaten eta Hezkuntza Sailak eta EHUk orain arte jarri ez duten arreta jar dezaten.