Palestinan gertatzen ari diren gizadiaren aurkako krimenak “berariaz gaitzesten ez dituzten” Israelgo erakundeekin harremanik ez izateko 2024ko apirilean EHUko Gobernu Kontseiluak hartu zuen konpromisoaz gain, beste urrats bat eman du euskal unibertsitate publikoak aurreko astean: “Aurrerantzean enpresekin sinatzen diren hitzarmenetan giza eskubideak errespetatzeko eta armagintzarekin harremanik ez” izatea du helburu. CAF enpresak testuinguru horretan duen jarrera salatzen da egunotan EHUko Gobernu Kontseiluaren partetik, baita EHUko langileen ordezkaritzatik eta ikasle mugimenduaren aldetik ere. Txalotzeko modukoa da, zalantzarik gabe, EHUk etikaren norabidean irizpideak garatu eta gauzatzeko asmoa, diru-galera ekartzen badio ere.
Nahiz eta hemen eta eztabaida horretan oraindik gutxiagotan agertu, jakina da AEBetako oligarka-kuadrillaren enpresek parte hartze aktiboa dutela israeldar estatua gidatzen ari den genozidioan: Microsoft eta OpenAIk, esaterako, AEBetako armadarentzat lan egiteaz gain, Israelgo armadarekin hitzarmenak dituzte, eta enpresa haien hodei eta adimen artifizialeko zerbitzuek genozidioa modu efikaz eta efizientean gauzatzen laguntzen dute.
Galde dezagun zenbat diru ematen zaion Microsofti EHUko aurrekontutik, eta software libreko azpiegitura bat kudeatzeko IKT zerbitzu on batek zer kostu izango duen horrekin alderatuta, diruari nahiz etikari begira
CAF ez bezala, AEBetako oligarka-kuadrillaren enpresak ez daude Euskal Herrian kokatuta, ados, baina EHUk aldarrikatzen duen kode etikoak haiek ere aintzat hartu beharko lituzke. Are gehiago, diru publikoaz gain, ikasleen matrikuletatik datorren diruaz ere Microsoft enpresa gure eguneroko jardueran sustatzen dugunean. Errektoretzan jarduten zuen aurreko taldeak hitzarmen globala sinatu zuen; langileon iritzia jaso gabe, Microsoft jarri ziguten egun batetik bestera, eta, honezkero, hodei, postontzi eta bideo-bilerak egiteko Microsofteko zerbitzuak erabiltzera behartuta gaude langileok nahiz ikasleak (eta EAEko lehen eta bigarren hezkuntza publikoan gauza bera gertatzen da). Ikasgela guztietako ordenagailuetan Microsoft Windows dugu, Linux beharrean.
EHUk Microsoftekin hitzarmena egin izana aspalditik problematikotzat jotzen dugu, gure datuak Kaliforniako zerbitzari batzuetan gordetzen direlako, euskarazko lokalizazioak konponduko ez dituzten akatsak dituelako, onedrive, outlook nahiz teams zerbitzuak erabilgarritasun-arazo larriak dituztelako, guretzako bezero-arretarik ez dagoelako. Microsoft enpresak Trumpen Department of War (Gerraren departamendua) horretan nahiz Palestinako sarraskian duen inplikazioak larritu egiten du harekiko dugun ezinegona maila jasanezin bateraino. Gainera, zerbitzu horiek guztiak bermatzeko software librean oinarritutako alternatibak badaude.
Aldaketa gauzatzeko bidean, gardentasuna behar dugu lehendabizi: galde dezagun, beraz, zenbat diru ematen zaion Microsofti EHUko aurrekontutik, eta software libreko azpiegitura bat kudeatzeko IKT zerbitzu on batek zer kostu izango duen horrekin alderatuta, diruari nahiz etikari begira.
David Lindemann, EHUko irakasle-ikertzailea