argia.eus
INPRIMATU
EHU “harrituta” dago Defentsa ministerioarekin daukan itunak sortutako polemikarengatik
  • 2008an sinatu zuen EHUk ituna Espainiako Defentsa Ministerioarekin, eta geroztik urtero mintegia eskaini du ministerioaren agindupeko Ikerketa Institutuak (IEEE). Hedabideek orain gaia argitara ematea "asmo txarrekoa” iruditzen zaio EHUri.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko abenduaren 13a

Bizkaiko Campuseko errektoreorde Carmelo Garitaonandiak ARGIAri adierazi dioenez, unibertsitatea ez dago “harreman zuzenean” Defentsa ministerioarekin. “Ezta ejerzitoarekin ere”, zehaztu du.

Aitzitik, Espainiako Estatuko Buletinean argi ikusten da unibertsitateak Defentsa ministerioarekin adostu duela urtero seminarioa antolatzea. Dena den, Garitaonandiaren hitzetan, edukiak eta hizlariak aukeratzea EHUko Jean Monnet katedraren ardura baino ez da, hau da, ministerioak ez du hitzaldien antolakuntzan parte hartzen.

Gaiak nahasitako urak baretu nahi izan ditu: “Mintegia ez da ezkutuan egin”. Hala, gaurkotasunezko gaia bailitza hedabideetan azaltzea ez du begi onez ikusi. Azaldu duenez, El Mundok kaleratu zuen mintegiari buruzko aurreneko informazioa eta horrek sortu du iskanbila.

Okerrak zuzenduz

Mintegiaren data gaizki jaso genuen hainbat hedabideok. Abenduan egingo zutela iragarri genuen ARGIAn, baina jada egin dute, Europar Batasunak bakearen eraikuntzan betetzen duen papera ardatz hartuta.