Eiki Leioako campuseko talde feministak salatu ditu irakasleen mezuak. Bi irakasle horietako batek hitzez eraso egin diela salatu dute. EHU gertatutakoa “ikertzen” ari da, elDiario.es-ek jakinarazi duenez.
Euskal Udalekuen aferak EHUra ere egin du salto. Eiki Leioako campuseko talde feministak salatu du Gizarte Komunikazio Zientzietako fakultateko bi irakaslek mezu transfoboak eta LGTBIQ+ pertsonen aurkakoak zabaldu dituztela beren sare sozialetan. EHU gertatutako ikertzen ari dela jakinarazi du elDiario.es agerkariak.
“Transgenerismoaren doktrinamendua, feminismoa amaitzeko” eta bestelako mezu transfoboak plazaratu zituzten irakasle horiek; baita Euskal Udalekuetako pertsonak zuzenean seinalatzen eta difamatzen zituztenak ere. Eikik mezu horiek salatzen dituen mezuak jarri ditu fakultatean, eta, hain zuzen ere, salatutako bi irakasleetako batek jarrera “onartezina” izan duela azpimarratu dute: kartelak “bortizki” kendu eta bi ikasleren aurka “oldartu” dela salatu dute. Hitzez eraso egin diela adierazi dute talde feministako kideek, “pederasta eta faxista” deitu dietela, eta mehatxu ere egin diela gehitu dute. Irakaslearen jarrera “erabat bortitza” azpimarratu dute, eta gehitu ikasleek beren osotasun fisikoa “mehatxupean” sentitu dutela.
Euskal Udalekuen aferari lotutako lehen kasua bada ere, ez da lehen aldia EHUko irakasle baten sare sozialetako erasoak haizatzen direna. Farmaziako fakultateko irakasle baten mezu “faxista, arrazista, transfobo eta frankistak” zabaltzeagatik ikertu zuten irakaslea, baina irakasleak argudiatu zuen berak ez zituela mezu horiek idatzi. Kasua artxibatu zuen Ertzaintzak, eta irakasleak eskolak ematen jarraitu zuen ohiko moduan.