Mobilizazioa deitu du Nafarroako EHNEk abenduaren 21ean. Nafarroako Gobernuaren murrizketak eta egitura handietan dirua “xahutzea” kritikatuko dute.
“Porrota”. Hala klasifikatu dute EHNEKo kideek 2014ko Nafarroako Exekutiboaren aurrekontua. Diotenez, nekazaritza arloari bideratutako diru-partida “murritza” da.
Gainera, sektoreari esleitutako parte handi bat Nafarroako ubideari zuzendu diote, osotara, 33.333.997 euro. Hau da, kopuruaren %31.
Proiektua ez dute begi onez ikusten elkarteko kideek. Horrela azaldu dute prentsa-ohar baten bidez: “Ubideak ez ditu aurreikuspenak bete: ez du lanposturik sortu, ez ditu gazteak nekazal mundura erakarri, ekoizpena ez da esandako zifretara hurbildu ere egiten eta ureztagarri bihurtu duten lurrazalaren %40 ez da ureztatzen”.
Egitasmoa “estrategia suizida” dela diote, eta gainerako nekazal ekimenen kontra egiten duela. Haien aburuz, laguntza mordoa galdu dute politikariek dirua ubideari bideratzen diotelako. Horregatik, “berehala” bertan behera uzteko eskatu dute.
Abenduaren 21ean, larunbatarekin, 12:00etan abiatuko da protesta, Iruñeko Autobus geltoki zaharretik.
Nafarroako EHNEk plazaratutako prentsa oharra (pdf).