EHKOlektiboak muga administratiboen gainetik Euskal Herri osoan agroekologian ari diren hainbat laborari, baserri eta kaleko lagun biltzen ditu. Martxoaren 3an egingo dute beren 12. topaketa nagusia, Gipuzkoako Itsasondon.
Elkartetik adierazi dutenez, iragan azaroan Lesakan egindako ez-ohiko batzarrean, EHKOk bizi zuen egoera zailaren berri eman zuen zuzendaritza lana egiten duen Talde Eragileak, eta indarberriturik aurrera jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten denen artean. "Azarotik gaurdaino iragan den denboran, Talde Eragilera indar freskoa sartu da, urtetan lan handia egin duten kideei erreleboa eskainiz. Gainera, elkarrekin adostutako batzorde berria martxan jarri dugu eta bide berriak urratzen hasiak gara".
EHKolektiboak sustatzen du "agroekologiaren oinarritutako nekazaritza eredu bio-ekologikoa bertakoa, etxaldekoa eta herrikoia". Elkarteak bere buruari hiru xede nagusi ipini dizkio:
- EHKolektiboaren oinarriekin bat eginez lan egiten duten etxaldeak identifikatzeko herraminta martxan jartzea, herritarrek ezagutu ditzaten eta merkatu handien dinamiketatik positiboki desberdintzeko.
- Agroekologia kontzeptua gure lurralde eta gizartera begira definitu eta garatzea.
- Bateko eta besteko esperientzia eta proiektuen arteko harremanak sustatzea.
Horiek denak izango dituzte hizpide igandean Itsasondon, goizeko 10etan hasiko duten batzarrean. Hala nahi dutenek izango dute herriko ostatuan bazkaltzeko aukera ere, aldez aurretik abisatzekotan.