argia.eus
INPRIMATU
EHKOlektiboak agroekologiaren 11. topaketak burutuko ditu larunbatean Uztaritzen
  • EHKOlektiboak Euskal Herrian agroekologian ari diren laborariak biltzen ditu. Lau sailetan egiten du elkarte honek lan: laborantza biologikoa, bertako ekoizpenak eta salmenta zuzenak, elikadura burujabetza eta ikuspegi soziala. Datorren larunbatean, 17, Uztaritzen burutuko ditu bere 11. topaketak.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 15

Duela hiru urte sortutako EHKOlektiboak 70 etxalde biltzen ditu  gaur, laborantza biologiko edo ekologikoan ari direnak eta beren label propioa daukatenak. Jokin Zaldunbidek Euskal Irratiei esan dienez, biologikotik aurrera jo nahi duten etxaldeak dira, nekazaritza unitate txiki eta hurbilekoetan antolatu nahi dutenak, produktuak zirkuitu laburretan komertzializatuz…

Zaldunbidek berak EHKOlektiboaren webgunean nabarmendu du agroekologiaren bidean aurrerago joateko asmo hori: "Agroekologia izen akademiko eta panpoxa alde batera utziz, ainitzetan entzuten dugu EHKOren egitasmoa, jadanik beste hainbat zigiluren erdian itotzera heldu dela eta oraindik nahasmen gehiago sortzen duela. EHKO ez da zigilu bat! EHKO saiakera bat da, erresestentzia bat, politika ildo argi bat, sorkuntza eremu bat, hartu-eman leku pare gabe bat, Euskal-Herri bat, autonomia bilatze bat, herritarren leku bat.

Larunbateko topaketetan 2017ko balantzea egin eta 2018ko proiektuak finkatzeaz gain, elkartearen zuzendaritza berrituko du EHKOlektiboak eta gai nagusiak lan taldetan aztertuko. “Zatoz gurekin agroekologia lantzera!” gonbidapena zabaldu die EHKOlektiboak herritarrei: “Bidaiak partekatuko ditugu Euskal Herriko xoko guztietatik”.

EHKOlektiboaren fundatzaileak 2014ko apirilaren 8an sagarrondo bat landatzen geroztik elkartearen egoitza den Garroko jauregiaren eremuetan.