argia.eus
INPRIMATU
EHEko bi kideren atxiloaldia babestu dute Altsasun
  • Gaztelania hutsez zeuden trafiko seinale batzuk ezabatzeagatik, 48 orduko atxiloaldia eta 6.000 bat euroko isuna ezarri zieten Euskal Herrian Euskaraz elkarteko bi kideri. Joan den asteburuan bete dute zigorra, eta bi kideak babesteko eta euskaraz bizitzearen aldeko aldarri gisa, 300 euskaltzale Altsasun elkartu dira larunbat eta igandean.

ARGIA @argia 2013ko azaroaren 25
Bazkari herrikoia egin zuten Altsasun, euskararen alde. EHE

Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Aldak Altsasuko Gure Etxea eraikinean bete dute 48 orduko lakalizazio iraunkorraren zigorra. Haiekin batera, antolatzaileen arabera 300 bat euskaltzale izan dira herrian, bertan antolatutako bertso bazkari, manifestazio, kontzertu edota hitzaldietan parte hartzen. Tartean izan dira, besteak beste, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriati eta Altsasuko alkate Garazi Urrestarazu. Euskaraz bizitzeari zigorrik ez. Ezabatu eta euskaraz bizi! leloa izan dute abiapuntu.

Asteburuan irakurritako manifestuan adierazi dutenez, "euskaldunon hizkuntza eskubideen ukazioa eta zapalketa etengabekoak dira eta egunerokoan ikusten da euskaldunok ezin dugula geure hizkuntzan, bertako hizkuntza propioan bizi". Euskaldunon hitzkuntza eskubideen zapalketa horrek, aldiz, "ez du inolako ondorio legal edo penalik". EHEkoen hitzetan, "euskaldun eta euskaltzale pasiboaren figura ez doa gurekin. Euskaltzale konprometitu eta aktibo gisara erantzungo diegu eraso guztiei, eta, Euskal Herri euskalduna, euskaraz biziko den herri euskalduna eraikitzen jarraituko dugu. Beraz, euskaldun guztiei deia luzatzen dizuegu euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko".