argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk Mozal Legearen alternatiba aurkeztuko du gaur Espainiako Kongresuan
  • Gaur eztabaidatuko da Mozal Legea berriz ere Espainiako Kongresuan eta EH Bilduk lege proposamen berria aurkeztuko du gainontzeko alderdien hainbat emendakinen artean.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 21

Oinarrizko eskubideak eta askatasun zibil eta politikoen “bermea” izango den lege proposamena aurkeztuko du, koalizio abertzaleak. Mozal Legeak “oinarrian duen ikuspegi errepresiboan” aldaketa proposatzen du “filosofia aldaketa erradikala” gauzatu dadin, Marian Beitialarrangoitiaren esanetan.

EH Bilduk proposatutakoen artean, "polizia prebentibo baten kontzepzioa" sustatzea dago. Hau da, funtzio errepresiboaz harago, bitartekaritzara bideratuta egongo den polizia eredua garatzea. Honi lotuta, zirkulazioaren edo indentifikazioaren gainean Mozal Legeak jasotzen dituenak ezabatzea nahi du EH Bilduk.

Aipagarriak diren beste neurrien artean bi isun mota ezartzea dago: arinak eta larriak –oraingo legean oso larriak ere badaude–. Lehenengoan ez da diruzko isunik izango eta bigarrenean nabarmen jaitsiko dira.

ERC-k izan ezik, ez du beste inork babestuko lege proposamena eta beraz ez du aurrera ateratzeko aukerarik. Podemos-Ganemos taldeak abstentzioaren alde egingo duela iragarri du.