Euskal Herriaren nazio izaera eta burujabetza aldarrikatzeaz gain, "erresistentzia eta borroka antifaxistari gorazarre egitea eta berrespen antifaxista egitea" jarri dute helburuen artean.
Euskal Herria Askatasun Haizea lelopean eginen dute manifestazioa Bilbon azaroaren 22an. Ekainaren 25ean Donostian egindako prentsaurrekoan zehaztu dituzte helburuak: bata, Euskal Herriaren nazio izaera eta burujabetza aldarrikatzea; bigarrena, Txikik eta Otaegik sustatu zuten "askatasun haizea" hauspotzen jarraitu beharra dagoela azpimarratzea; eta hirugarrenik, espainiar faxismoaren biktimei omenaldi nazionala egitea, erresistentzia eta borroka antifaxistari gorazarre egitea eta berrespen antifaxista egitea.
Ondokoa azaldu du Arkaitz Rodriguez EH Bilduko Ekintza Politikorako idazkariak: "Ez dago askatasun haizearen nazioa geldituko duenik. Frankismoari aurre egiteko gauza izan ginen. Egungoa baino egoera makurragoei aurre egiteko gauza izan gara. Eta, zalantza izpirik gabe, Trump, Bolsonaro, Milei, Orban, Meloni, Le Pen, Abascal eta enparauek ordezkatzen duten bloke erreakzionarioari zein parez pare ditugun erronkei aurre egiteko gauza izango gara".
Txiki eta Otaegiren fusilamenduaren, Francoren heriotzaren eta Juan Carlos I Borboikoaren koroatzearen 50. urteurrenak izanda 2025 urteak duen "esanahi politikoa" oroitarazita aterako du aldarri antifaxista karrikara EH Bilduk. Are gehiago, nazioarteko hainbat herritan, tartean, Frantziako zein Espainiako Estatuetan, baita Euskal Herrian ere bloke erreakzionarioa indartzen ari den honetan ikusten diote garrantzia "Euskal Herriak erresistentzia-foku antifaxista izaten jarraitzeari".
Espainiako Trantsizio Demokratikoa "transakzio hutsa" izan zela ohartarazi dute agerraldian: "Ez zen apurketa demokratikorik izan. 78ko Erregimenak frankismoaren zutoinak –Espainiaren lurralde-batasuna, monarkia, kapitalismoa, frankisten inpunitatea– bere egin eta bere horretan mantendu zituen. Bezperako frankistak biharamuneko 'betiko demokratak' bilakatu ziren. Eta, horrenbestez, frankismoak estatu-aparatu ezberdinetan gotortuta iraun zuen, Brouarden eta Muguruzaren erailketek, besteak beste, garbi erakutsi zuten bezala". Hori horrela, 50 urte pasa direla, argi du EH Bilduk: "Ez dago bloke erreakzionarioa estrukturalki gelditzerik, frankismoarekin behingoz apurtu eta Espainiako Estatuaren demokratizazio sakona egin gabe; eta ez dago Estatuaren demokratizazio sakona egiterik, Euskal Herriaren zein gainerako herrien nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea aitortu eta errespetatu gabe".