Haurren kontrako abusuen gaian inplikazio handiagoa eskatu dio lehendakariari EH Bilduk

  • Besteak beste, Juan Kruz Mendizabal apaizaren kasuaz egindako adierazpenetan atzera egitea eskatu dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.


2017ko urtarrilaren 27an - 08:42
Juan Kruz Mendizabal, sexu abusuak egiteagatik salatutako apaiza. Argazkia: Goiena.

Urtarrilaren erdialdean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hainbat adierazpen egin zituen Juan Kruz Mendizabal apaiza haurren kontrako sexu abusuez salatu zutenean. Elizari dagokion prozesu bat dela esan zuen eta Elizak erabakiak hartu dituela jada. Ondokoa ere gehitu zuen: “Elizbarrutian, eta bere egitura hierarkikoan, Eliza Katolikoa da erabakiak hartzen dituena. Ez dagokit niri baloraziorik egitea”.

Legebiltzarreko EH Bildu taldean kezka eta haserrea eragin dute lehendakariaren hitzek. Taldearen ustez, “elizgizonek burututako eraso sexualen aurrean, lehendakaritzatik erantzutea ezinbestekoa da, eta are gehiago haurrek pairatzen dituzten abusuek daukaten egoera juridiko, sozial eta emozional zailaren aurrean”. Hala, EH Bilduk lehendakariari osoko bilkuran ondoko galderari erantzuteko eskatu dio: “Euskal Autonomia Erkidegoan jakitera eman den lehen kasuaren aurrean, hau al da lehendakaritzatik izan beharreko jarrera abusuez, zein hauen gaineko ondorioez?”.

EH Bilduk adierazi duenez, Gipuzkoako elizan gertatutakoak sona berezia hartu du, baina zeharo ikusezina den arazo hori batez ere familian ematen dela azpimarratu du. Erasotzaileen %90 gizonezkoak dira, aitak, osabak, anaiak, aitonak… Horregatik, legez besteko proposamenean sei eskaera egin dizkio Eusko Jaurlaritzari:

- Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egin zituen adierazpenetan atzera egin dezala.

- Ikusezintasuna gainditzeko arazo sozial honen inguruko ikerketak sustatzea.

- Sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzeko kanpainak egitea.

- Arreta goiztiarra lantzea osasun, hezkuntza, gizarte zerbitzu eta justizian.

- Eremu horietan prebentzioa, detekzioa eta interbentzioa kudeatzeko protokoloak aktibatzea.

- Delituen preskripzioa ezabatzeko bitartekoak jartzea.

ARGIAn duela aste batzuk gai honi buruzko erreportajea argitaratu genuen: “Umeen aurkako indarkeria. Familia, isiltasun gotorleku”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexu Erasoak
Gasteizen gizon bat atxilotu dute bikotekide ohia hainbat orduz lonja batean giltzaperatuta izan ostean

Ertzaintzak jakinarazi duenez, gizonak Gasteizko Alde Zaharreko lonja batean bahituta izan du emakumea zenbait orduz eta hainbat alditan egin dio eraso. Gizonak, urruntzeko agindua zuen, aurrez egindako tratu txarrak tarteko.


2024-03-15 | ARGIA
Gizon bati Iruñerriko institutu batean eta saltoki batzuetan emakumeak grabatzea leporatu diote

2023ko urrian jarritako salaketa baten harira, gizonaren etxeko gailu informatiko eta elektronikoak ikertzen ari da Foruzaingoa, eta material horretan aurkitu dituzte institutu bateko emakumeen komunetan egindako grabazioak, eta hainbat saltokitako aldageletakoak. Adimen... [+]


Lau urteko kartzela zigorra ezarri diote 41 urteko gizon bati Iruñean, bikotekideari sexu erasoak egiteagatik

Zortzi urtean ezingo da bikotekide ohiarengana hurbildu eta 5.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio.


Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon, sei adingaberi sexu erasoak egitea egotzita

Polizia-ikerketa zabalik dago eta atxilotuei konfiskatutako material informatikoa eta gailu elektronikoak aztertzen ari dira. Ertzaintzak uste du biktima gehiago egon daitezkeela. Antza, "opariak" ematen zizkieten trukean.


2024-02-13 | ARGIA
Bi gizon atxilotu dituzte Tolosan eta Ibarran, hiru sexu-eraso egitea egotzita

28 eta 37 urteko bi gizonezko atxilo hartu ditu Ertzaintzak, bata Tolosan eta bestea Ibarran. Biktimetako bi adin txikikoak dira.


Eguneraketa berriak daude