argia.eus
INPRIMATU
EH Bilduk Herritarrak Ahalduntzeko Legea aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean
  • Iraila hasieran Kontsulta Legea Parlamentura eramateko asmoa erakutsi zuen Asier Arraizek. Bada, EH Bilduk gaur aurkeztuko du ofizialki  lege proposamena. Arraizekin batera, ekimena Oskar Matutek, Pello Urizarrek eta Rebeka Uberak erroldatuko dute.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 03a
Lege proposamenak Euskadik eta bertako biztanleek duten erabakitzeko eskubidea aitortzeko eskatzen dio Espainiako Estatuari

Testuak jasotzen duenez, Herritarrak Ahalduntzeko Legearen –kontsulta lege bezala ere ezaguna– xedea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrak ahalduntzea da, “hauek demokrazian sakontzeko eta gizartearentzat garrantzi handikoak diren gaietan parte hartzeko aukera izan dezaten”. Horretarako, testuaren arabera, Europar Kontseiluaren barnean galdeketak era normalizatuan gauzatzen dituzten estatuen jokamoldea eredu gisa hartuko da.

Horrez gain, lege proposamenak Euskadik eta bertako biztanleek duten erabakitzeko eskubidea aitortzeko eskatzen dio Espainiako Estatuari,  “demokraziaren ezinbesteko betekizuna baita”. Erabakitzeko eskubidea eskubide historikoen gaurkotze kontsideratzen du, eta hori egikaritzerakoan EAEk eta Nafarroak batera jardutea proposatzen, “beti ere bi lurraldeetako biztanleak ados badaude”.  

Herritarren jarrera “protagonista, propositiboa eta aktiboa” izateko nahia biltzen du halaber proposamenak. Bertan zehazten denez, demokrazia parte hartzailean herritarren papera ez da lau urtean behin botoa ematea, erabaki-hartze prozesuetan “protagonismoa” izatea baizik. “Herritar eragileez, antolatuez eta eszena politikoan modu dinamikoan parte hartzeko prestatuez egituraturiko gizartea du helburu demokrazia parte-hartzaileak”.

“Legea funtsezko tresna izango da herritarrei hitza eta erabakia emateko”

Gaur legearen aurkezpenean izango den Rebeka Uberaren arabera, “ezinbestekoa” da euskal herritarrei hitza ematea, euren bizitzako arlo guztietan erabaki dezaten. Gaur aurkeztuko den proposamena herritarrak ahalduntzeko “funtsezko tresna” dela deritzo Uberak. “Herritarrak ahaldundu nahi ditugu erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, herritarrek erabaki dezaten herri honen estatus juridiko-politikoa ez ezik, egunerokotasunean eragiten dieten arlo guztietan ere”.