argia.eus
INPRIMATU
Gasa erauzteko kanpainen aurka alegazioak aurkeztuko ditu Bizkaiko 29 udaletan EH Bilduk
  • Geminis izeneko eremuko udaletan (Bizkaiko iparraldean) gasa haustura hidrauliko bidez esploratzeko eta erauzteko proiektu osoaren kontrako alegazioak aurkeztuko ditu EH Bilduk.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko abenduaren 16a
Frackingaren aurka agertu dira dagoeneko Geminis baimen-eremuaren barruko hainbat udal, Sopelakoa esaterako. (Arg.: Sopelako Udala).

Berriki, proba sismikoen ingurumen-inpaktu azterketari buruzko jakinarazpena bidali die (pdf) Espainiako Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioak, Uribe Kosta, Uribe Butroe eta Busturialdea eskualdeetako 29 udali. Idazkian, udalei eskatzen zaie proiektuak beren lur eremuetan inpaktu esanguratsurik eragingo ote duen esateko.

Gogoratu behar da proba sismikoak fracking bidezko esplorazio eta erauzteko lanak hasi aurretiko ezinbesteko urratsa direla. Proba horiek egiteko ez da zulaketarik behar, eta ez dute eragin larririk ingurumenean.

Jakinarazpena 2015ean hastekoak diren proba sismikoei baino ez dagokie, baina EH Bilduren ustez ingurumen-inpaktu azterketa estrategikoa egin beharko litzateke, alegia, proiektu osoa hasieratik amaierara aztertzen duena, “Europako Batzordeak urtarrilaren 22an estatuei eginiko 2014/70/UE gomendioak jasotzen duenaren ildotik”.

Geminis eremuan hidrokarburoak esploratzeko baimena eskatu duen enpresa Frontera Energy da.