EH Bildu Koalizioak organo independente bat sortzea proposatu du ate birakariak gelditzeko. "Etika Batzordeak ez du ezertarako balio, Estetika Batzordea da eta Jaurlaritzaren jarduera zuritzeko baino ez du balio”, salatu du Josu Estarrona Elizondo parlamentariak.
Alexander Arriolaren kasuak ekarri du beste behin ere ate birakarien inguruko gaia eztabaida politikora. SPRI agentziako zuzendari izan zen Arriola eta agentziarekin lotura zuen Eurocybcar enpresa pribatura pasa zen. EAEko legeak gutxienez bi urteko tartea eskatzen du lanpostu aldaketa hori egiteko, baina Arriolak egun batetik bestera egin zuen. Kasu horrek hautsak harrotu ditu, eta asteazkenean EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Jaurlaritzari eskatzeko Etika Batzordea desegin dezala. "Ate birakarien azken kasuek agerian utzi dute Etika Batzordeak ez duela ezertarako balio", adierazi du Josu Estarrona Elizondo parlamentariak.
Koalizioak azpimarratu du Etika Batzordea ez dela eraginkorra praktika desegokiak detektatzeko, eta ate birakariei oztopoak jarri beharrean, horiek "legitimatu" egiten dituela. Estarronaren hitzetan, batzorde hori bakarrik baliagarria izan da "Jaurlaritzaren jarduera zuritzeko eta haren erabakiei itxura etikoa emateko". Horregatik, Etika Batzordea baino gehiago, "Estetika Batzordea" dela gaineratu du.
Egungo Batzordearen partez, organo independente bat sortzeko eskatu du EH Bilduk, "jardunbide desegokiak prebenitu, antzeman, ikertu eta ebazteko. Urkulluren Gobernuan zeuzkaten ardura politikoak utzi eta, legeak ezarritako bi urteko epea urratuta, enpresa pribatura pasa diren goi kargu ohien kasuen harira, ondorengo galdera egin du koalizioak: "Nola dakigu enpresa horiek ez dituztela pertsona horiek kontratatu mesederen bat ordaintzeko? Desegokia eta itsusia da, eta plano etikoan, zalantzazkoa”.
Jaurlaritzak kontrolatu behar omen du Jaurlaritza
Jaurlaritzako goi-kargudunek kode etikoa betetzen dutela ziurtatzeko eta kontrolatzeko eskumena du Etika Publikorako Bartzodeak. Bost kidek osatutako taldea da eta horietatik hiruk ardura politikoak dituzte Jaurlaritzan: Lehendakaria Olatz Garamendi da, Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburua; idazkaria Jon Iñaki Urbina García de Vicuña da, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaria; eta Funtzio Publikoko Sailburuorde José María Armentia. Armentiak berak proposatuta batu ziren batzordera beste bi kideak 2022ko urtarrilean. Batetik, Valentziako Jaume I unibertsitateko Filosofia eta Soziologia irakasle Elsa González Esteban, eta bestetik, Fernando Tapia Alberdi, zuzenbidearen Filosofiako irakaslea EHUn. Tapia 2003ko Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan EAJren zerrendan aurkeztu zen eta ondorengo lau urteetan Gizarte eta Erakunde harremanetarako diputatua izan zen.